Abian da Elhuyar Zientzia Azoka 2016-2017
- Ikertzaile gazteek Elhuyar Zientzia Azoka 2016-2017 ekimenean izena emateko epea ireki da dagoeneko
- Euskal Herriko 500 ikasle baino gehiagok parte hartzea aurreikusten da
- Mundu mailan gazteak eta zientzia uztartzen dituen MILSET mugimenduarekin bat egin du Elhuyarrek, gazteen zientzia-bizipenak sustatzeko
...
- Ikertzaile gazteek Elhuyar Zientzia Azoka 2016-2017 ekimenean izena emateko epea ireki da dagoeneko
- Euskal Herriko 500 ikasle baino gehiagok parte hartzea aurreikusten da
- Mundu mailan gazteak eta zientzia uztartzen dituen MILSET mugimenduarekin bat egin du Elhuyarrek, gazteen zientzia-bizipenak sustatzeko

Dagoeneko ireki da Elhuyar Zientzia Azokan izena emateko epea, eta bidelagun berriekin abiatu du aurtengo ekitaldia Elhuyarrek. Urtetik urtera, atzerrira joateko aukerak eta zientzia-bizipen aberatsagoak eskeini nahi dizkie Elhuyarrek ekimenaren parte-hartzaileei. Helburu horri erantzuteko, Portugaleko Gazteriarako Fundazioarekin eta MILSET mugimenduarekin egin du bat Elhuyarrek.
12-18 urteko gazteek garatutako proiektu zientifiko eta teknologikoen azoka da Zientzia Azoka. Ekimenak eragiten duen bizipen-ibilbidearen bidez, Elhuyarrek gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko zaletasuna eta hurbiltasuna lantzen du, baita bertan egiten den ikerketa eta haren protagonistak gazteei hurbildu ere. Elhuyarren eskutik, ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa barrutik bizitzeko aukera dute gazteek, eta, bidean, ikertzaile profesionalen laguntza jasotzen dute, Elhuyarrek UPV/EHUrekin, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin, Deustotechekin eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoarekin dituen hitzarmenei esker.
Halaber, ekimenak garrantzia handia ematen dio gazteek egindako lana gizarteratzeari, eta gurasoen, irakasleen eta lagunen parte-hartzeari. Helburu horrekin, bada, ibilbidearen amaieran Zientzia Azoka ospatzen da, Bilboko Plaza Barrian. 2017koa, maiatzaren 6an izango da.
Horren ondotik, gazte batzuei euskal ikerketa-zentroetan ikertzaile profesionalekin bi egunez aritzeko aukera emango zaie, Tecnalian, IK4n nahiz CIC nanoGUNEn. Eta beste batzuek Bartzelona, Lisboa, Tolosa (Frantzia) eta Ourenseko zientzia-azoketan parte hartuko dute, Elhuyarrek dituen hitzarmenei esker. Horietako bat da gazteengan zientzia-zaletasuna sustatu nahi duten mundu mailako irabazi asmorik gabeko elkarteen bilgune den MILSET mugimenduarekin duena. Hain zuzen, uztailaren 12ko biltzar orokorrean onartu zen Elhuyar, MILSETeko kide.
2004ean jaio zen ekimena, eta urtez urte hazten joan da partaideen kopurua. Iaz, 500 gazte baino gehiago bildu zituen, eta helburuak dira zientziaren eta teknologiaren arloetako gaitasunak lantzea, bokazioak piztea eta alorreko pertsonak hurbiltzea.
Zientzia Azoka aurrera eramateko, Bilboko Udalaren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, FECYT Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren, Euskaltelen, Iberdorlaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du Elhuyarrek.