Skip to main content

Zientziaren gizarteratzea eta hezkuntza

Elhuyar | Zerbitzuak

Hiru eremutan ari gara zientzia gizarteratzeko eta hezkuntzaren alorrean zabaltzeko lanean: kultura zientifikoa zabaltzen, gazteen zientzia- eta teknologia-hezkuntzako konpetentziak eta gaitasunak garatzeko ekimenak sortzen, eta kalitatezko komunikazio-zerbitzuak eskaintzen, bezeroaren beharretara egokituta.

Kultura zientifikoa sustatzeko lanean, zientzia eta teknologiaren aurrerapenen berri ematen dugu askotariko proiektuen bidez. Garrantzi berezia ematen diogu Euskal Herriko ikertzaileen lana eta iritzia zabaltzeari.

Hezkuntzaren eremuan, hezkuntza-sistema arautuan zein aisialdian lan egiten dugu. Gazteei tokiko ikertzaileak gerturatu, eta STEAM proiektuetan lan egiteko aukera eskaintzen diegu.

Zientzia eta teknologian espezializatutako komunikazio-zerbitzuak eskaintzen ditugu, zientzialariz, kazetariz eta hizkuntzalariz osatutako lantalde baten bidez; baina beste arlo batzuetako komunikazio-zerbitzuak ere eskaintzen ditugu, edukietan espezialistak baikara, euskarri orotako komunikazioan trebeak.

Kultura zientifikoa

Kultura zientifikoa sustatzeko lanean, zientzia eta teknologiaren aurrerapenen berri ematen dugu askotariko proiektuen bidez Elhuyarren. Garrantzi berezia ematen diogu Euskal Herriko ikertzaileen lana eta iritzia zabaltzeari.
Servicio

Zientzia- eta teknologia-gaiak lantzen dituen argitalpena; hiruhilekoan behingoa paperean, egunerokoa webgunean.

Zientzia- eta teknologia-gaiei buruzko telebista-saioa. Publiko orokorrari zuzenduta dago, eta Euskal Herriko eta mundu osoko zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren berri ematea du helburu. Astero ematen da, euskaraz ETB1en, eta gaztelaniaz ETB2n.

Zientziari eta teknologiari buruzko irratsaioa. Kolaboratzaileen bitartez, Euskal Herrian zein mundu osoan arlo horietan egiten diren berrikuntzei buruzko azalpenak eta gogoetak eskaintzen zaizkie entzuleei, Euskadi Irratiko uhinetan.

Publiko zabalarentzako zientzia-edukien erreferentziazko webgunea: Elhuyarreko lantaldeak sortutako bideoak, audioak, artikuluak, agenda, hiztegia, bilatzaile aurreratua, gaikako sailkapena…

Elhuyarrek, zientzia- eta teknologia-sareko beste eragile batzuen laguntzarekin, zenbait lehiaketa eta ekimen antolatzen ditu, zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza eta gizarteratzea bultzatzeko, saritzeko eta aitortzeko. Horren adibide dira, besteak beste:

  • CAF-Elhuyar sariketa: 1994an sortua, zientzia eta teknologia euskaraz gizarteratzeko lanak aitortzeko sariketa bat da, CAF enpresarekin elkarlanean antolatua. Gaur egun, sei sari ematen dira, kategoria hauetako bakoitzean bat:
    • Dibulgazio-artikulu orokorrak
    • Zientzia-kazetaritzako lanak
    • Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak
    • NEIKER Sari Berezia: lehen sektoreko lanak
    • Zientzia Gizartean sorkuntza-beka
    • Elhuyar Merezimendu Saria: Elhuyarren patronatuaren sari honek ibilbide bat saritzen du (norbanakoa edo erakunde bat izan daiteke), zientzia euskaraz dibulgatzeko egindako lanagatik.
  • OnZientzia lehiaketa: Elhuyarrek eta DIPCk (Donostia International Physic Center) 2010ean elkarrekin sortutako lehiaketa da, zientziari buruzko bideo laburrak saritzen dituena. Hiru sari banatzen dira:
    • Dibulgaziozko bideo onenaren saria
    • Euskarazko bideo onenaren saria
    • Gazte saria (18 urtetik beherakoentzat)

Gizartea zientzia-sistemara gerturatzeko hainbat ekimen jarri ditugu martxan. Zientziak eta gizarteak elkarrekiko arduratsu izateko herritarren zientzia proiektuak, eztabaida-saioak, mahai-inguruak, hausnarketa eta ikerketak, trebakuntza-saioak antolatu ditugu besteak beste ikerketa-sistemaren eta gizartearen arteko harremana estutu eta bideratzeko.

STEAM hezkuntza

Elhuyar eta STEAM hezkuntza. Gazteen zientzia- eta teknologia-hezkuntzako konpetentziak eta XXI. mendeko gaitasunak garatzeko ekimenak sortzen ditugu.
Servicio

Elhuyar Zientzia Azoka gazteek garatutako proiektuen azoka da; ikerketa eta garapena barrutik bizitzeko aukera. 12-18 urteko ikasleek ikerketa-proiektu bat nahiz proiektu teknologiko bat garatzen dute, taldeka, eta profesionalen laguntzarekin, eta jendaurrean aurkezten dute emaitza. Nagusiki, eskoletan garatutako proiektuak izaten dira, nahiz eta eskolaz kanpo landutakoek ere parte hartzen duten.

Elhuyar Zientzia Azokak ere badu plataforma birtuala parte-hartze presentziala eta birtuala konbinatu ahal izateko.

Horrez gain, Elhuyarrek nazioarteko eta estatuko hainbat zientzia-azokekin aliantza du, gazteei nazioarteko esperientziak ere eskaintzeko.

Elhuyar Zientzia Azokaren webgunera joan

Bizilabe 10 eta 19 urte bitarteko gazteentzako ikerketa-zentro bat da, aisialdi-guneetan kokatzen dena, non sormena garatzen eta ikerketak egiten aritzen baitira gazteak, diziplina anitzeko ingurune independente batean, ikasgelako edo programa zurrun baten presiorik gabe; alegia, curriculumetik eta eskola-ordutegietatik kanpo. Haur eta nerabeak zirikatzen ditugu teoriak eta esperimentuak beren kasa gara ditzaten, helburutzat harturik zientziarekiko eta teknologiarekiko grina oso gaztetatik piztea eta abentura zientifikoei ekiteko inspirazioa sortzea. Horretarako, hezkuntzaren, zientzia-komunitate osoaren, familien eta gizartearen artean loturak eraikitzea bilatzen du Bizilabek, eta zientziaren eta teknologiaren ikuspegi errealagoa ematea.

Bizilaberen webgunera joan

STEAM hezkuntzaren inguruko metodologia berriak, ikerketa, inspiraziorako ekintzak eta joera berriak lantzen ditugu hezkuntza arautuan zein ez-arautuan, eta aholkularitza eta lankidetza-aukerak eskaintzen dizkiegu bide horretan urratsak egiten hasi nahi duten eragileei.

STEAM hezkuntzaren inguruan garatzen ari den jakintza eskuratzeko, Europako proiektuetan hartzen dugu parte, eta jarraipena egiten diegu zientziaren didaktikan sortzen diren berrikuntzei. STEMFAIRNET proiektua gidatzen dugu, helburu honekin: zientzia-azoken nazioz gaindiko sare bat sortzea eta jardunbide egokiak trukatzea, bai STEM konpetentzien garapena hobetzeko, bai ikasle guztiengana iristeko. Bestalde, zientzia, teknologia eta matematikako irakasleei genero-berdintasunean trebatzen laguntzeko, Emergent proiektua jarri genuen martxan. Eta STEAM hezkuntzako Europako hainbat jatorritako parte-hartzailek osatutako kontsortzioan hartzen dugu parte SPOON proiektuan (STEM education and Practice are not Only about the cONtent), Frantziako 'Maison pour la Science' eta 'Unistra' (University of
Strasbourg) erakundeek gidatuta.

Horrez gain, jakintza hori partekatzen dugu, jardunbide egokien berri ematen dugu, eta gazteak eta irakasleak inspiratzeko baliabideak argitaratzen ditugu, hemen: https://zientzia.eus/steam/.

Komunikazio-zerbitzuak

Kalitateko komunikazio-zerbitzuak eskaintzen ditugu Elhuyarren, bezeroaren beharretara egokituta. Zientzialariz, kazetariz eta hizkuntzalariz osatutako lantaldea dugu.
Servicio

Komunikazio-estrategiak landu eta aholkularitza eskaintzen diegu erakundeei, baita prentsa-bulegoko lanak egin ere: komunikabideekiko harremanak, prentsa-oharrak, sare sozialak, mailingak, webguneak, buletinak…

Era guztietako formatu eta euskarrietarako ikus-entzunezkoak diseinatzen eta egiten ditugu, bideo korporatibo edo didaktikoetatik hasi eta dokumentaletaraino.

Jakintza-arlo guztietako ekitaldi eta kongresuen komunikazioa eta zabalpena egiten dugu.

Gizarteak dituen erronkei erantzuteko Europako Batzordeak bideratzen dituen deialdiekin bat eginez, ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-proiektuen komunikazio- eta zabalpen-lanetan aritzen gara, haien bidez sortzen den bikaintasunezko ezagutza gizartera irits dadin.

Horizon 2020 programaren barruan, honako proiektu hauetan aritu eta ari gara lanean, Europako hainbat herrialdetako bazkideekin lankidetzan.

 

NEW ABC  NEW ABC logo

Networking the Educational World: Across Boundaries for Community-building
H2020 G.A. No. 101004640
Proiektuaren komunikazioko eta zabalpeneko bazkide

Iraupena: 2021-2024

 

NEW ABC proiektuak bederatzi berrikuntza-ekintza egingo ditu Europako bederatzi herrialdetan. Ekintza horien helburua izango da haur eta gazte errefuxiatu eta migratzaileei hezkuntzaren bidez laguntzea harrera-gizarteetan integratzen. Haurrek zein gazteek (ikasle etorkinak eta bertakoak, laguntzailerik gabeko adingabeak, asiloa eskatzen duten gazteak eta errefuxiatuak) aktiboki parte hartuko dute ekintza guztietan. Proiektu horietan esku hartuko dute ikastetxeek eta irakasleek, gizarte zibileko toki-erakundeek, gobernuz kanpoko erakundeek, irakaskuntzako eta kulturarteko zentroek, komunitateak eta familiek, eta guztiek ere ikaskuntza-baliabide formalak, informalak eta ez-formalak landuko dituzte, hala eskolan nola eskolaz kanpo.
 

LOWINFOOD  LOWINFOOD logo

Multi-actor design of low-waste food value chains through the demonstration of innovative solutions to reduce food loss and waste
H2020 G.A. No. 101000439
Proiektuaren komunikazioko, zabalpeneko eta genero-berdintasuneko bazkide

Iraupena: 2020-2025

 

LOWINFOOD proiektuak elikagai-hondakinak murrizteko berrikuntzak sustatuko ditu elikagaien balio-kate osoan, produkziotik hasi eta kontsumitzaileetaraino. 14 berrikuntza aukeratu dira probatu, ebaluatu eta hobetzeko, haien bitartez hondakin gutxiko balio-kateak bultzatzeko frutaren eta barazkien sektorean, okintzan eta arrantza-sektorean, bai eta etxe barruko nahiz etxetik kanpoko kontsumoan ere. Berrikuntzak askotarikoak dira: teknologikoak, kudeaketari edo antolakuntzari lotutakoak eta sozialak. Halaber, berrikuntza horien eragina hainbat alderditan neurtuko da; hondakinak gutxitzeko duten gaitasuna ez ezik, aintzat hartuko dira ingurumenean zer eragin duten eta zer inpaktu sozioekonomikoa duten ere.

 

FoodLAND   FoodLAND logo

Food and Local, Agricultural, and Nutritional Diversity
H2020 G.A. No. 862802
Proiektuaren komunikazioko eta zabalpeneko bazkide

Iraupena: 2020-2024

 

FoodLAND egitasmoaren helburua da Afrikako sei herrialdetan nekazaritzarako eta akuikulturarako teknologia berritzaile, eskalagarri eta jasangarriak garatzea, ezartzea eta baliozkotzea, eta, aldi berean, nekazaritza-biodibertsitatea eta elikadura-aniztasuna indartzea, baita dieta osasungarrien aniztasuna ere. Berrikuntzen artean sartzen dira, besteak beste, mantenugaietan aberatsagoak diren jakiak produzitzea, eta elikagaiak sortzeko, prozesatzeko eta biltzeko teknika berriak probatu eta hobetzea. Nekazarien eta kontsumitzaileen ohiturak ere aztertuko dira proiektuan, helburu izanik produktu edo prozesu berrien aurrean zer jarrera duten ezagutzea eta elikadura-dibertsitatea handitzeko helburura iristeko zer bide jorratu behar den argitzea.
 

PLOTINA   PLOTINA logo

Promoting gender balance and inclusion in research, innovation and training
H2020 G.A. No. 666008
Proiektuaren komunikazioko eta zabalpeneko bazkide

Iraupena: 2016-2020

 

PLOTINA proiektuaren helburua da genero-berdintasunerako planak diseinatu, prestatu, aplikatu eta ebaluatzea ikerketan diharduten erakunde, unibertsitate zein bestelako zentro edo institutuetan. Genero-berdintasuna erakunde bakoitzaren bost dimentsiotan neurtzea proposatzen du: 1) gobernantza-organoak, funtsezko eragile eta erabakiak hartzeko arduradunak; 2) kontratazioa, karreran aurrera egitea eta erakundearekiko atxikipena; 3) lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko neurriak; 4) ikerketa-jardunean genero-berdintasuna eta sexuaren eta generoaren ikuspegia txertatzea, eta 5) sexuaren eta generoaren dimentsioa irakasgaien curriculumean sartzea.

 

Europako ikurraProiektu horiek Europako Batzordearen dirulaguntza jaso dute, Horizon 2020 ikerketa- eta berrikuntza-programaren bitartez (proiektu bakoitzean dago zehaztuta dirulaguntza-akordioaren zenbakia)