Berdintasuna, partaidetza eta eraldaketa soziala
Elhuyar | Zerbitzuak
Gizartearen joerak eta beharrak aintzat hartuta, berdintasuna, partaidetza eta eraldaketa soziala bultzatzeko prozesuak bideratzen ditugu erakunde publiko nahiz entitate pribatuetan. Hala, emakume eta gizonen berdintasunean aurrerapausoak emateko aholkularitza eta laguntza teknikoa eskaintzen dugu. Era berean, herritarren partaidetza-prozesuak eta eraldaketa sozialerako egitasmo berritzaileak sustatzen ditugu.
Berdintasuna
Berdintasunerako planak ez dira helburu bat beren horretan; berdintasunean aurrera egiten laguntzeko tresna gisa ulertzen ditugu guk. Horregatik, plan horiek zenbateraino betetzen diren eta zer eragin duten ebaluatzen dugu, aurrerapausoak eta erresistentziak identifikatu eta ondorioak ateratzeko. Horrekin batera, berdintasun-diagnostikoak ere egiten ditugu, datuei ez ezik emakume askoren bizipen eta egoerei erreparatuz, beren ahotsak prozesuetara ekarrita. Azkenik, egindako behaketan eta entzute-ariketan oinarrituta, errealitate bakoitzera egokitutako berdintasunerako planak diseinatzen ditugu. Azken finean, berdintasunerako planak egiteko prozesu guztian laguntzen dugu: errealitatea behatzea, planifikatzea, esku hartzea eta ebaluatzea.
50 lagunetik gorako entitateak edo diru publikoz osatutakoak behartuta daude berdintasunerako planak egitera. Plan horien bidez, bi eremutan jartzen dugu arreta: batetik, erakundea barrutik aztertzen dugu (nola dagoen osatuta sexuaren arabera, kristalezko sabaia, zein lan-eremutan dauden emakumeak eta gizonak, lan-baldintzak, soldata-arrakala, laneko kultura, kontziliazio erantzukidea eta sexu-jazarpena), eta, bestetik, erakundearen jarduera aztertzen dugu, berdintasunean inpakturik baduen ikusteko eta, hala bada, bere jardueran genero-ikuspegia txertatzeko egin beharreko aldaketak identifikatzeko.
ADIBIDEAK:
Emakumeen etxeak izan daitezke emakumeen arnasgune, elkar ezagutzeko, ikasteko edo ekintza kolektiborako gune, bai eta gauza gehiago ere. Emakumeen etxeak sortzeko, partaidetzan oinarritutako prozesuak bideratzen ditugu: etxeak zertarako eta norentzat izango diren, zer kudeaketa-eredu izango duten eta beste hainbat kontu elkarlanean zehazteko eta emakumeen arteko sareak eraikitzeko. Emakumeen etxearen zutabeak tokiko emakumeak eta eragile feministak direnez, prozesuok partaidetza-prozesuak dira ezinbestean: behetik gora eraikitzeko prozesuak, emakumeentzat eta emakumeekin, ahalduntzeko prozesuan positiboki eraginez eta beren arteko sareak indartuz.
ADIBIDEAK:
Euskarak eta berdintasunak bide oparoa egin dute, baina bide paraleloak izan dira orain arte. Duela urte batzuk, ordea, bi menderakuntzak nola lotzen diren aztertzen hasi ziren hainbat aditu eta eragile, eta, euskararen eta berdintasunaren eremuetan egindako ekarpenak gerturatzeko eta lotzeko ahalegin bat jarri zen martxan. Lurralde berri horretan arakatzen eta sakontzen lagundu nahi du Elhuyarrek ere, euskarentzat eta berdintasunarentzat onuragarri izango delakoan. Nola eragiten du generoak hizkuntza-praktiketan? Eta, alderantziz, nola eragiten du hizkuntzak genero-eraikuntzan? Analisian eta esku-hartzean bi begiradak txertatzeko egitasmoak diseinatzen eta garatzen laguntzen dugu.
Genero-zeharkakotasunaz asko hitz egiten bada ere, erakunde publiko gehienetan ia dena egiteko dago oraindik. Genero-zeharkakotasunak esan nahi du ardura partekatua; hau da, berdintasunaz aparteko sail guztiek berdintasuna bultzatzeko ardura hartzea. Genero-zeharkakotasunak esan nahi du jabetzea politika publikoak ez direla neutroak, positiboki edo negatiboki eragiten baitute emakume eta gizonen berdintasunean. Eta genero-zeharkakotasunaren estrategia garatzeko, ezinbestekoa da konpromiso politikoa, prestakuntza teknikoa, sail guztien inplikazioa, elkarlanean oinarritutako kultura-aldaketa eta bitartekoak jartzea. Erronka ez da makala: malgutasuna, irudimena eta egindakotik ikastea eskatzen du. Erronka horretan bidelagun izan gaitzakezu.
Partaidetza eta eraldaketa soziala
Lan-arloa edozein dela ere (hezkuntza, kultura, gazteria, adinekoak, ingurumena, aniztasuna...), herritarren parte-hartzean oinarritutako prozesuak diseinatu eta garatzen ditugu: diagnostikoak, planak, esku-hartzeak... Parte-hartzea, guretzat, ez da soilik informazioa ematea eta iritzia eskatzea; gure ustez, benetako parte-hartzea gauzak ezagutzea, elkarrekin lantzea, aztertzea eta denon artean zerbait sortzea da. Uste dugu uneko errealitatea aldatzeko baldintza subjektiboak eta objektiboak sortu behar direla, eta horretarako bidea lan-prozesua bera dela.
Edozein motatako subjektuk —izan erakunde publikoa zein pribatua, eremu sozialekoa zein beste eremu batekoa— etorkizunari begira hartu behar dituen erabaki kolektiboen inguruko hausnarketa konpartituak diseinatzen eta bideratzen ditugu. Neurrira diseinatutako metodologiak proposatzen ditugu.
Esparru desberdinetako erakundeen eta lantaldeen (ikastetxeetan, administrazio publikoan, kultura-erakundeetan…) funtzionamendua hobetzeko, kideen arteko harremanak eta dinamikak aztertu, lanarekiko ikuspegia eta motibazioak ezagutu, eta oinarrian pertsonak dituen erakundeak edo egiturak sortzeko prozesuak diseinatu eta bideratzen ditugu.
Gizarteari berari onura dakarkioten egitasmoak sustatzen ditugu: euskararen sustapenaren eta hizkuntzen bizikidetzaren inguruan; bizitza komunitarioa eta kultura politikoa politika publikoen zerbitzura jartzeko ahaleginean; gobernantza-eredu berriak sustatuz; eragileak subjektu aktibo bihurtzeko bidean; gizartearen aniztasunean eta adostasunean oinarritutako lan-metodoak ezarriz; eskualdeko eta herrietako nortasuna sendotuz; hausnarketa eta eztabaida sustatuz; eta abar. Horretarako, ikerketa- eta esperimentazio-proiektuak baliatzen ditugu.