Skip to main content

Hizkuntza-zerbitzuak eta euskara-planak

Elhuyar | Zerbitzuak

Elhuyarrek eskaintzen dituen hizkuntza-zerbitzuak eleaniztunak eta integralak dira, puntako hizkuntza-teknologiak eta metodologiak erabiltzen ditu, eta arlo ezberdin ugari jorratzen.

Enpresa eta erakundeentzat ditugun hizkuntza-zerbitzuak dira; esaterako, hiztegi terminologiko eta corpus berezituen sorkuntza eta itzulpen- eta zuzenketa-zerbitzua. Baita trebakuntza espezializatua ere, orokorra zein goi-mailakoa; esaterako, erakunde pribatu nahiz publikoetako langile eta itzultzaileentzat berariaz prestatutako hizkuntza-trebakuntzak.

Bestalde, euskararen erabilera aktibatzeko aholkularitza eta laguntza teknikoa eskaintzen diegu erakunde publikoei eta entitate pribatuei: hizkuntzaren egoeraren diagnostikoak, diseinuak eta ebaluazioak; herri-mailako gogoeta eta berariazko zerbitzuak; trebakuntza soziolinguistikoa; hizkuntzan ahalduntzeko prozesuak; eta abar.

Euskararen erabilera eta planifikazioa

Norbanakoek, taldeek, erakundeek eta enpresek euskararen erabileran aurrerapausoak emateko aholkularitza eta laguntza teknikoa eskaintzen ditugu Elhuyarren.
Servicio

Euskara sustatzeko eta erabilera handitzeko prozesuetarako aholkularitza espezializatua eskaintzen diegu erakunde publikoei, bai udalerrietan, aldundietan edo zein gobernuetan. Egoeraren inguruko datuak jaso eta eragileekin hausnarketa partekatuak egin ondoren, etorkizunerako erronkak eta plangintzak lantzen ditugu, beti ere, egoera bakoitzera egokituta.


Horretarako, planifikazioaren fase guztiak hartzen ditugu aintzat: errealitatea behatu, planifikatu, esku hartu eta ebaluatu.
 

Euskara-planaren helburu nagusia euskara sustatzea izanik, erakundearen kulturarekin eta lan egiteko moduekin bat egin beharko du, eraldaketa-prozesu hori gerta dadin.

Euskara-planean jasoko ditugu erakundeak lortu behar dituen erronkak eta helburuak eta garatu beharreko ekintzak, betiere euskararen erabilera sustatzeko eta erakundea osatzen duten eragileekin batera. Horretarako, planifikazioaren fase guztiak hartzen ditugu aintzat: errealitatea behatu, planifikatu, esku hartu eta ebaluatu. Era berean, langileak ahalduntzeko eta aktibatzeko prozesuak ere dinamizatzen ditugu, hizkuntza-ohituren aldaketa indibidualetik taldean eragiteko asmoarekin.
 

Euskararen ezagutza gero eta handiagoa bada ere, hiztun batek hizkuntza bat erabili dezan, hizkuntza hori erabiltzeko duen gaitasunaz gain, bestelako hainbat faktorek ere hartzen dute parte, barne zein kanpokoek; eta horietako bat da faktore emozionala. Sinetsita gaude jarrera indibidualetan dagoela testuinguru kolektibo bat aldatzeko giltzarria. 

Hiztunen hausnarketak bideratzeko, eta haien hizkuntza-ohiturak aldatzeko ahalduntze-prozesuak eta sentsibilizazio-saioak antolatzen ditugu, soziolinguistika edukietan oinarrituta.
 

Itzulpenak eta hizkuntza-baliabideak

Elhuyarren esperientzia zabala dugu era guztietako itzulpen-zerbitzuak eta hizkuntza-baliabideei loturiko zerbitzuak eskaintzen: testu zientifiko-teknikoak, testu administratiboak eta juridikoak, zuzenketa-zerbitzuak...
Servicio

Itzulpen espezializatuak egiten ditugu: maila guztietako testu zientifiko-teknikoak; testu administratiboak eta juridikoak; komunikazio-kanpainak eta publizitatea; eta webgune- eta software-lokalizazioak. Horretarako, testu tekniko eta zientifikoetan espezializatutako esperientzia handiko lantaldea daukagu. Transkribapenak eta azpititulu eleaniztunak ere egiten ditugu.

Gure lan-prozesuaren bikaintasunaren erakusgarri dira, esaterako, ziurtagiriok:

  • 2007an lortutako UNE-EN 15038:2006 kalitate-ziurtagiria (AENOR, Asociación Española de Normalización y Certificación).
  • 2016an lortutako EN ISO 17100:2015 kalitate-ziurtagiria, 2019an berritua (AENOR, Asociación Española de Normalización y Certificación)

Nola egiten dugu lan?

Formatuak: behar duzun formatuan entregatuko dizugu itzulpena.

Testu soila nahiz maketa konplexukoa izan, zure beharretara egokituko gara.

Hizkuntzak: nagusiki euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa lantzen ditugu, baina Europako hizkuntza guztietarako itzulpen-zerbitzua ematen dugu. Europar Batasuneko nahiz kanpoko hizkuntzetako itzultzaile natiboen sare zabal bat dugu gurekin batera lanean.

Epeak: behar duzun epean entregatuko dizugu lana.

Lana eskatzen duzunean, zeuk zehaztu dezakezu entrega-epea.

Kalitatea: hizkuntza-kalitatea bermatuko dizugu.

Gure itzultzaileek beren ama-hizkuntz(et)ara soilik itzultzen dute, eta itzulpen guztiak zuzentzaile batek gainbegiratzen ditu. Hizkuntza-kalitateko lantalde bat dugu, tartean, hiru euskaltzain urgazle, itzultzaile adituak eta terminologoak dituena. Aldian-aldian lanerako hizkuntza-irizpideak eguneratzen dituzte, urrats garrantzitsua baita hori egiten diren lanen kalitatea bermatzeko.

Jarraipena: lanaren kostua eta fase guztiak kontrolpean izango dituzu une oro.

ItzulpenFlow web-aplikazioaren bidez, aurrekontua eskatzen duzunetik itzulpena jasotzen duzun arteko fase guztiak kontrolatu ahal izango dituzu.

Adituak gara hizkuntzan eta hizkuntza-teknologietan; arloan daukagun esperientzia beste profesionalekin partekatzen dugu. Ikastaro presentzialak eta onlineko ikastaroak ematen ditugu:

  • Itzulpen-mintegiak antolatzen ditugu, euskaraz nahiz gaztelaniaz trebatzeko.
  • Itzulpengintzaren oinarriei buruzko trebakuntza ematen dugu.
  • Idazkuntza eta idazkera teknikoa lantzen ditugu.
  • Zientzia eta teknologiaren alorreko terminologiari buruzko trebakuntza ematen dugu.
  • Itzulpen-tresnei buruzko trebakuntza ematen dugu.
  • Itzulpen automatikoarekin lotutako trebakuntza ematen dugu: itzulpen automatikoa noiz eta nola erabili, hizkuntzaren aldetik arreta non jarri…

Zure erakundeko testuen kalitateak kezkatzen zaitu? Erakundetik kanpora doazen testuen kalitateak berebiziko garrantzia dauka erakundearen ospean, eta, horregatik, testu asko sortzen edo itzultzen dituzten erakundeek kezka agertzen dute gai honen inguruan; garrantzitsua da testuen koherentzia eta kohesioa bermatzea, hizkuntza-kalitatearekin batera. Elhuyarren testu horien azterketak edo auditoriak egiten ditugu: laginak aztertu eta kalitate-neurketak egiten ditugu, eta, hobetzekorik ikusiz gero, neurrirako estilo-gomendioak ematen ditugu.

Elhuyar hiztegiaz gain, baditugu bestelako hiztegiak ere, paperean, webean nahiz gailu mugikorretan kontsultatu daitezkeen hiztegi terminologikoak. Erakunde publiko nahiz pribatuei zuzendutako zerbitzua da, eta beren dokumentazioa aztertuta lantzen da hiztegia; elebakarrak, elebidunak nahiz eleaniztunak izan daitezke.

Hona hemen egindako terminologia-lan batzuen emaitzak:

"Urteak daramatzagu corpusgintzan lanean. Corpus elebakarrak, elebidunak nahiz eleaniztunak prestatu ditugu; besteak beste, hiztegiak elikatzeko ezinbesteko tresna bihurtu dira corpusak.

Corpusak osatzeko teknologia propioa erabiltzen dugu, zeina hizkuntza-teknologietan egindako gure ikerketen emaitza baita."

Hona hemen corpus nagusiak:

  • Elhuyar web-corpus elebakarra (eu) eta elebiduna (es-eu). Corpusak Internetetik automatikoki eratuak dira, gure taldean garatutako tresnak erabiliz. Une honetan, 2 corpus ditugu, atariaren atal banatan kontsulta daitezkeenak.euskarazko web-corpusak 305.329.987 testu-hitz ditu, eta euskara-gaztelania web-corpusak, esaldi mailan parekatuak, 30.984.745 testu-hitz ditu.
  • Lexikoaren Behatokia corpus elebakarra (eu). Euskaltzaindiaren proiektua; UZEI eta Ixa taldearekin batera, lankidetzan egina. 2020. urtearen bukaeran 77.958.327 testu-hitz zeuzkan corpusak eta urtean-urtean handituz joango da.
  • EHUskaratuak corpus paraleloa (en-es/eu) (EHUrentzat). 18.048.431 hitzez osatutako corpus eleaniztuna.
  • ZTC-Zientzia eta Teknologiaren Corpusa (Elhuyar-Ixa taldea): 8,5 milioi hitzez osatutako corpus etiketatua.
  • Consumer corpus paralelo eleaniztuna (Eroski Fundazioarentzat).

Elhuyarren eta Euskal Herriko Unibertsitateko Ixa taldearen artean garatutako euskarazko zuzentzaile ortografiko eta gramatikala da Xuxen. Gaur egun, ortografia-akatsak hautemateaz gain, proposamen gramatikalak ere egiten ditu Xuxenek.

Xuxen, gainera, bateragarria da ingurune digitaletan idazteko erabiltzen diren tresna ezagunenen bertsiorik berrienekin:

  • Microsoft Word
  • Web-nabigatzaileak
  • Libreoffice/OpenOffice
  • Adobe Indesign
  • Hunspell

Informazio gehiago, Xuxen euskarazko zuzentzaile ortografiko eta gramatikalaren webgunea