Elhuyarrek sustatutako BIZILABE Gazteentzako ikerketa-zentroen sarea Gipuzkoako Foru Aldundiak aukeratutako 14 proiektu berritzaileenen artean
-
Aldundiak 14 proiektu aukeratu ditu Gipuzkoako gizarte antolatuarekin etorkizuna eraikitzeko
-
71 egitasmo aurkeztu dira Etorkizuna Eraikiz programaren baitan biharko erronkei erantzuna emateko proiektu berritzaileen diru laguntza deialdira

Gipuzkoako Foru Aldundi...
-
Aldundiak 14 proiektu aukeratu ditu Gipuzkoako gizarte antolatuarekin etorkizuna eraikitzeko
-
71 egitasmo aurkeztu dira Etorkizuna Eraikiz programaren baitan biharko erronkei erantzuna emateko proiektu berritzaileen diru laguntza deialdira

Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldearen etorkizuneko erronkei erantzuna emateko 14 proiektu berritzaile aukeratu ditu. Etorkizuna Eraikiz programaren baitan, berrikuntza eta gizarte antolatuarekin elkarlana oinarri dituen ekimena, 600.000 euroko diru-laguntzak bideratu ditu foru erakundeak adinduen atentzioa, etorkinen inklusioa edota kontziliazioa bezalako esparruetan esperientzia pilotuak garatzera. Guztira 71 egitasmo aurkeztu dira deialdira eta Markel Olano diputatu nagusiak balio kuantitatibotik haratago proiektu hauen balio kualitatiboan jarri du azpimarra: “Erakunde bezala biharko erronkei erantzutea dugu helburu, eta aukeratu berri ditugun 14 proiektu hauek ere Gipuzkoaren transformazioa dute xede esperimentazio aktiboaren bitartez”.
Olano hedabideen aurrean agertu da gaur esleitutako diru-laguntza hauen inguruan berri emateko. Bere ondoan izan dira Sebas Zurutuza Kudeaketa Estrategiako zuzendari nagusia eta hautatutako bi proiektuen atzean dauden eragileen ordezkariak, Elhuyar eta LKS. Etorkizuna Eraikiz bi lan eremu nagusitan banatzen da. Alde batetik, GipuzkoaLab, ekonomia, gizarte eta kultura arloetako esperientzia pilotuak martxan jarriko dituena. Saiakera hauek ebaluatu ostean, ondorioak politika errealean txertatuko dira, eta hemen kokatzen dira gaur aurkeztutako diru-laguntzak. Bigarren zutabeak Gipuzkoa Taldean izena hartzen du, gizarte antolatua proiektuan inplikatuko duena. Gobernantza eta gogoeta organo hau eremu anitzetako 60 ordezkarik osatzen dute eta Gipuzkoa 2026 Plan Estrategikoa osatzea dute xede.
Azken hilabeteetan Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz programaren kontrastea egin du lurraldeko gizarte antolatuarekin, egitasmoaren edukia 1.000 herritarrei baina gehiagori zuzenean helaraziz: unibertsitateak, garapen agentziak, eragile pribatuak, elkarteak… Orain “jauzi kualitatiboa” egiteko ordua iritsi dela azaldu du Olanok, esperimentazio praktikoko ariketak gauzatuz. Gainera, aurreratu du Gipuzkoa Taldean egiten ari den hausnarketa prozesuak datozen asteetan amaituko duela bere lehen fasea, datorren urtean jorratuko diren proiektuak identifikatuz.
Diputatu nagusiak deialdiak izan duen harrera ona nabarmendu du, Gipuzkoa zein lurraldetik kanpoko 71 proiektu aurkeztu direla balioan jarriz. “Etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzea gizarte antolatu eta herritarrekin egin behar dugun bidea da, eta hauen parte hartzea eta inplikazioa ezinbesteko dugu. Elkarlanean adostu behar dugu biharko Gipuzkoa”, adierazi du. Lurraldeko eskualde guztietatik aurkeztu dira egitasmoak eta, esparruaren arabera, arlo sozio-sanitarioa, hausnarketa estrategikoa, gobernantza eta ingurumena izan dira ekimen gehien jaso dituztenak.
Etorkizuna eraikiz egitasmoaren bitartez “erlazio diplomatikoetatik benetako lankidetzara” pasa nahi duela esan du Olanok. “Bat egin nahi dugu Gipuzkoan antolatuta dauden eragile nagusietan dauden pertsona eraginkorrekin eta benetan eguneroko lanean pisuzko erabakiak hartzen ari diren horiekin”, azaldu du. “Denon ekarpenak dira beharrezkoak, eta tresna berri eta berritzaile honen bitartez bideratu nahi dugu Gipuzkoaren geroaren eraikuntza”, esan du. Zentzu honetan, gaur aurkeztutako proiektuak bereziki norabide honetan eragin nahi dutela adierazi du.
Gizarte zerbitzuak eta ekonomia
Aukeratutako proiektuen artean, gizarte politikaren arloan berrikuntza ekimenak txertatzera bideratzen dira, pazienteen edota mendekoen arreta hobetzera zuzendutakoak kasu. Adibidez, ekimen berritzaileetako bat errehabilitazio prozesu eta egokitutako jardueretan prestakuntza landuko du batek, helbidean zentratutako laguntza eredua garatzea du xede besteak, osasun eta gizarte zerbitzuen arteko koordinazioa eta integrazioa landuz. Belaunaldi arteko lankidetza indartzeko bolondres adituen sarea osatu eta etorkizunen inklusioa bultzatzearen inguruan arituko dira beste bi ekimen.
Ekonomia berrikuntzaren arloan, ekonomia zirkularra sustatu, gazteen ekintzailetasuna eta jakin-mina alor zientifiko-teknologikoan sustatu, erreferentzia aurreratuak kontuan izanik politika teknologikoak bultzatzeko eta sustatzeko proposamenak zehaztu, ikertzaileen kultura aldaketa aztertu eta Goierriko eskualdean ekosistema soziala sortzeko proiektuak kokatzen dira. Nabarmentzekoa da baita ere kontziliazio parekidea sustatzeko bideak irekitzera bideratutako egitasmoa.
Gobernantzaren esparruan, berriz, diru-laguntza deialdietan inpaktu soziala nabarmentzeko ahalbidetuko duen tresnaren garatuko da, eta beste ekimen batek herrigintzan egiteko modu berrian sustapena landuko du. Azkenik, lurraldeko ikus-entzunezko sektorearen diagnosia eta esku-hartze proposamenak, batetik, eta euskal fast food eredu berria sortzea, bestetik, landuko dituzte beste bi proiektuk.
Ikusi aukeratutako proiektuen zerrenda
BIZILABE Gazteentzako ikerketa-zentroen sarea
Neska-mutilak modu autonomoan zientzia- eta teknologia-gaien inguruan ikertzeak eta aritzeak haien gaitasunetan, haien etorkizunerako aukeretan eta bizi diren eskualdearen etorkizuneko lehiakortasunean izan ditzakeen eraginetan erabat kontziente, Elhuyarrek Bizilabe Gazteentzako ikerketa-zentroen sarea martxan jartzeko lanetan dihardu 2014tik, eta 2017an abiatu nahi ditu lehengo bi zentro pilotuak.
10-19 urte bitarteko gazteei zuzenduta dagoen ikerketa-zentro bat izango da. Gazteek, ingurune independente eta diziplinarteko batean, haien proiektuak egiteko aukera izango dute, haien sormena sustatuz, ikasgelako presiotik at, eskolaz kanpoko ordutegian eta eskola-curriculumetik haratago. Proiektuak eta esperimentuak haien kasa egiteko lagunduko zaie gazteei. Inguru hurbileko enpresetako profesionalak nahi dira inplikatu gazteen mentore gisa, eta gazteen proiektuak tokian tokiko erronkekin lotuta edota inguruko enpresen aktibitatearekin lotuta egitea bilatuko da. Gazteak gidatzeko, aditu-talde batek proiekturako propio landu duen Bizilabe-Elhuyar metodologian trebatuko ditugu zentroan egongo diren begiraleak eta mentoreak, gazteak ikerketa-proiektuetan genero-ikuspegitik eta era barneratzailean laguntzen ikasteko metodologian.