Garapen Jasangarrirako Helburuen alorreko 3.900 kontzeptu 2030 Agenda Hiztegian
- Artikulu espezializatuak gehitu dira, edukietan sakontzeko eta ezagutzan aurrera egiteko.
- Urtero-urtero, arloan sortzen diren kontzeptu berriak eta adituen artean zein gizartean eztabaidagai direnak lantzen dira.
- 2030 Agenda Hiztegia erabilgarria da bai terminoen eta kontzeptuen kontsultarako, bai ikasleen eta gizarte osoaren hezkuntza eta garapen kritikorako ere.
2030 Agenda Hiztegia eguneratu da, eta, lan horri esker, Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) inguruko 3.900 kontzeptu kontsultatu daitezke orain www.2030agendahiztegia.eus helbidean.
Horrez gain, artikulu espezializatuak ere gehitu dira, edukietan sakontzeko eta ezagutzan aurrera egiteko. Artikuluak izeneko atalean, zientzia-dibulgatzaile eskarmentudunek ikuspegi kritikoarekin idatzitako testu labur eta mamitsuak bildu dira, eta artikulu bakoitza zein GJHrekin lotuta dagoen ere adierazi da. Hala, alde batetik, erabiltzaileek alor honetako funtsezko kontzeptuei buruzko puntako informazioa jasoko dute. Bestetik, ikasleek eta irakasleek gai hauek jorratzeko egokia den material berri eta esanguratsua eskuratu ahal izango dute.
2030 Agenda Hiztegia baliabide bizi eta dinamikoa da. Urtero-urtero, arloan sortzen diren kontzeptu berriak eta adituen artean zein gizartean eztabaidagai direnak lantzen dira; aurten, adibidez, muga planetario, etxebizitza eskuragarrirako sarbide eta belaunaldiarteko justizia klimatiko kontzeptuak gehitu dira. Orain, gainera, gizarte-intereseko gaiei buruzko artikuluekin, are nabarmenagoa da hiztegiaren gaurkotasuna. Bestalde, erabiltzaileek ere iruzkinak eta proposamenak egin ditzakete webgunearen bidez, hiztegia hobetzeko eta aberasteko.
Horrenbestez, 2030 Agenda Hiztegia erabilgarria da bai terminoen eta kontzeptuen kontsultarako bai ikasleen eta gizarte osoaren hezkuntza eta garapen kritikorako ere. Baliabide honen bitartez, jasangarritasunaren bidean aurrera egiteko beharrezkoak diren ezagutzak eta ikuspegi kritikoa barneratuko ditu erabiltzaileak; era berean, ezagutza eta ikuspegi horiek arlo akademiko eta profesionalean zein egunerokoan beste aditu eta herritar batzuekin batera aztertu eta eztabaidatzeko ezinbestekoak diren hizkuntza-baliabideak ere eskuratuko ditu.