Gaurko zientzia-gaiak eskura, Elhuyar aldizkariaren azken zenbakian
-
Gaurkotasun beteko gaiak dakartza Elhuyar Zientzia eta Teknologia hiruhilabetekariaren azken zenbakiak.
-
Mapak, Maria Martinon Torres Atapuercako antropologoa eta supereroankortasuna dira iraileko protagonista nagusiak.

Inguruaren int...
-
Gaurkotasun beteko gaiak dakartza Elhuyar Zientzia eta Teknologia hiruhilabetekariaren azken zenbakiak.
-
Mapak, Maria Martinon Torres Atapuercako antropologoa eta supereroankortasuna dira iraileko protagonista nagusiak.

Inguruaren interpretazioak dira mapak, eta ingurua era askotara interpreta daitekeenez, mapak ere askotarikoak dira. Hori bai, ez dago mapa perfekturik, ez baitago esfera batean plano batean akatsik gabe irudikatzeko modurik. Hortik abiatuta, mapei buruzko beren ikuspegia eman dute Raul Ibañez Torres matematikariak eta Gaindegiako Mikel Aiestaran Olano geografoak, Mapak, mundua norberaren arabera erreportajean.
Gaurkotasunari helduta, berriz, fisika-mundua aztoratu duen ikerketa baten berri ematen du Supereroankortasuna gori-gori artikuluak. Hain zuzen, fisikari batzuek supereroankortasuna lortu dute, inoizko tenperatura altuenean. DIPCko ikertzaileek fenomeno horren azalpen teorikoa aurkitu dute, eta haietako baten, Ion Errea ikertzailearen azalpenak jasotzen ditu artikuluak.
Bestalde, nabarmentzekoa da Maria Martinon Torres Atapuercako antropologoari egindako elkarrizketa sakona. Hortzetan espezializatuta dago, eta, egiten dituen ikerketez ez ezik, Atapuercako aztarnategiaz eta gure espeziearen iraganaz eta eboluzioaz ere hitz egin du elkarrizketatzailearekin.
Horiez gain, beste hainbat eduki eskaintzen ditu iraileko zenbaki honek: IKERGAZTE kongresuan Zientziak eta Natur Zientziak arloan saritutako lana, albiste laburrak, elkarrizketak, analisia, iritzia, ikertzaileek bidalitako artikuluak...
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren webgunean eskura daitezke azken zenbakiaren eduki guztiak eta informazio eguneratua.
Hemendik aurrera, gainera, webgunean argitaratu den eduki berria hilero postan jasotzeko aukera ere eskaintzen du, aldizkariaren buletinaren bitartez.