«Probatu eta trebatu» ikastaroa MoodleMoot topaketan
Teknologia berriek erabat aldatu dute ikasteko prozesua, eta dagoeneko ez da beharrezkoa irakaslea eta ikasleak gela batean egotea, aldi berean, aurrez aurre, zerbait ikasiko badugu.
Makina bat ikastaro eta trebakuntza-saio egiten dira onlineko tresnak erabiliz, eta horietako batzuk aurkeztuko dituzte gaur, ekainak 19, Bilbon, MoodleMoot Euskadi 2015 topaketan. Tartean, Elhuyarren ikastaro bat: «Probatu eta trebatu».
Ixiar Iza El...

Ixiar Iza Elhuyarreko itzultzaile eta trebatzaileak aurkeztuko ditu euskara online lantzeko ikastaro horren nondik norakoak. Moodle plataformaren bidez egiten den ikastaro bat da, euskaraz alfabetatuak egonagatik euskaraz idaztean eta hitz egitean gehienok ditugun erabilera okerrak zuzentzeko eta askotan izaten ditugun zalantzak argitzen ikasteko prestatua.
Horretarako, landu beharreko gaien zerrenda bat osatu du Elhuyarrek, urte askotako esperientzian oinarrituta, eta galdetegi bat osatu du gai horiek lantzeko. Galdetegia ausaz elikatzen da galdera-banku batetik; horregatik, beti da berria, beti desberdina. Gainera, galdera bakoitzak lantzen duen gaiari buruzko azalpenak eta informazioa jasotzen ditu ikasleak erantzunak eman ahala. Azalpena galderaren emaitzarekin batera iristen zaionez, ikasleak erabakitzen du noiz irakurri behar duen azalpen hori arreta handiz, eta noiz dagoen prest aurrera egiteko. Hala, ia jolasean, norberak ikusten du hutsuneak non dituen, eta haiek lantzeko aukera du.
Berdin balio du lehendik ikasitakoak eguneratzeko, akats tipikoak zuzentzeko eta gauza berriak ikasteko.
Eta ikasteko bide horretan, gainera, ikaslea ez dago bakarrik. Gainerako ikaskideekin batera foro batean parte hartzeko aukera du, elkarri galderak eginez eta erantzunez are gehiago ikasteko. Tutore bat jartzeko aukera ere badago, foroa dinamizatzeko eta zalantzak argitzeko.