Zientzia Azokako ikertzaile gazteek eta haien proiektuek bete dute Bilbo
Laurehun ikertzaile gazte elkartu dira eta ehun proiektu zientifiko eta teknologiko inguru aurkeztu dituzte gaur Elhuyarrek antolatutako Zientzia Azokan
(Bilbon, 2016ko apirilaren 23an)
Gaur, eguerdiko 12etan, 2016ko Zientzia Azokaren irekiera ofiziala egin dute Bilboko Plaza Barrian Koldo Narbaiza Olaskoaga Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotziak, Cristina Uriarte Toledo Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultu...
Laurehun ikertzaile gazte elkartu dira eta ehun proiektu zientifiko eta teknologiko inguru aurkeztu dituzte gaur Elhuyarrek antolatutako Zientzia Azokan
(Bilbon, 2016ko apirilaren 23an)
Gaur, eguerdiko 12etan, 2016ko Zientzia Azokaren irekiera ofiziala egin dute Bilboko Plaza Barrian Koldo Narbaiza Olaskoaga Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotziak, Cristina Uriarte Toledo Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak eta Leire Cancio Orueta Elhuyarreko zuzendari nagusiak, ekimenari laguntzen dioten Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko hainbat eragilerekin batera.


12-18 urteko gaztez osatutako ehun taldek beren proiektuak aurkeztu dituzte Zientzia Azokan. Elhuyarrek antolatutako ekimen horretan, gazteek proiektu zientifikoak edo teknologikoak landu dituzte taldeka ikasturtean zehar, eta, gaurkoan, festa handia ospatu da, eta gazteak dira protagonista.
Aurkezten diren 55 proiektu zientifikoak eta 40 proiektu teknologikoak lantzeko, ikertzaile profesionalen laguntza jaso dute. Hain zuzen, Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sarearekin elkarlanean egiten da Zientzia Azoka, eta UPV/EHUko, Mondragon Unibertsitateko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Deustuko Unibertsitateko ikertzaileek laguntzen diete gazteei proiektuak garatzen.
Aurkeztu dituzten lanetatik, 21 osasunaren ingurukoak izan dira, 25 ingurumenari eta ekologiari lotutakoak, 22 ingeniaritzakoak edo teknologikoak, 9 energiarekin zerikusia dutenak, eta 7 gizarte-zientzietakoak dira. Guztietatik, Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko kideez osatutako ebaluatzaile-talde batek lan batzuk aukeratuko ditu, eta haien egileek egindako lana aitortuko dute.
Zientzia Azokan urte osoan zehar parte hartzen duten taldeen % 53 Bizkaikoak izan dira aurten, % 37 Gipuzkoakoak, % 5 Arabakoak eta beste % 5 Nafarroakoak. Era berean, Galiciencia (Galizia) eta ExpoRecerca (Katalunia) azoketan saritutako taldeek ere hartzen dute parte Zientzia Azokan.
Helburuak dira gizartean kultura zientifikoa sustatzea, eta gazteengan zientziaren eta teknologiaren arloetako gaitasunak lantzea, bokazioak piztea eta alorreko pertsonak gazteengana hurbiltzea. Horretarako, hainbat erakunderen babesa eta laguntza jasotzen du Zientzia Azokak, eta haien ordezkari ugari bertaratu dira; besteak beste, Amaia Maseda García (UPV/EHUko Hedakuntzaren eta Transferentziaren Arloko errektoreordea), Eva Armesto Macías (Bizkaiko Foru Aldundiko Enpresa Sustapeneko Zerbitzu Burua), Pablo Sanchís Gúrpide (UPNA/NUP-eko Ikerketarako Baliabide eta Egituren alorreko zuzendaria), Miren Nekane Errasti Lozares (Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Koordinatzaile Akademikoa), Joseba Jauregizar Bilbao (Tecnalia), Koldo Gondra Zubieta (IK4), Monche Chirapozu Gonzalez (Iberdrolako Harreman Instituzionalen Sailekoa), Olatz Basagoiti (Euskalteleko Babesletza Sailaren arduraduna), eta Leire Latorre Aransay (Visiontech4Life erakundeko kidea).

Ekimenaren inguruko informazio gehiago: http://zientzia-azoka.elhuyar.eus/
|
Elkarrizketaren bat egin nahi baduzu, edo informazio gehiago jaso, jar zaitez gurekin harremanetan. Aitziber Lasa Iglesias |
