Bakterio rap-kantariak, teleskopio erraldoiak eta umorea nagusi VI. ON ZIENTZIA bideo-lehiaketan
Atzo izan zen Elhuyarrek eta DIPCek seigarren urtez antolatu duten ON ZIENTZIA bideo-lehiaketaren sari-banaketa ekitaldia eta nabarmena izan zen aniztasuna saritutako lanetan, parte-hartzaileen adinean eta haien jatorrian. Kontsulta-base zabala eratu da sei urteotan (270 bideo), eta www.onzientzia.tv webgunean dago ikusgai.
Zientzia eta teknologiari buruzko bideo laburrak eta originalak ekoiztea eta hedatzea du helburu ON ZIENTZIA lehiaketak, zeina Elhuyarrek eta DIPCk antolatzen duten, <...
Atzo izan zen Elhuyarrek eta DIPCek seigarren urtez antolatu duten ON ZIENTZIA bideo-lehiaketaren sari-banaketa ekitaldia eta nabarmena izan zen aniztasuna saritutako lanetan, parte-hartzaileen adinean eta haien jatorrian. Kontsulta-base zabala eratu da sei urteotan (270 bideo), eta www.onzientzia.tv webgunean dago ikusgai.
Zientzia eta teknologiari buruzko bideo laburrak eta originalak ekoiztea eta hedatzea du helburu ON ZIENTZIA lehiaketak, zeina Elhuyarrek eta DIPCk antolatzen duten, Teknopolis telebista-saioaren barruan. Atzo banatu ziren aurtengo sariak, seigarrenak jada, DSS2016ren egoitzako auditorioan. Umorea nagusi izan zen ekitaldian, eta hiru kategorietako sariez gain, hiru aipamen berezi ere banatu zituzten. Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak, Adolfo Moraisek, eman zuen sari nagusia.

Hona bideo sarituak:
- Dibulgazio bideo onenaren saria (3.000 €): Eslovakian bigarren hezkuntzako irakasle den Julio Ruiz Monteagudori, Soy esa bacteria que vive en tu intestino bideoagatik.
- Euskarazko bideo onenaren saria (2.000 €): Mikel Ramirez ikus-entzunezkoetako profesionalari, Teleskopioak bideoagatik.
- Gazte Saria (1.000 €): Leonel Virosta (17 urte), El mecanismo de la vida bideoagatik.
- Aipamen bereziak: Eneko Amezagari (El mito de Arquímedes bideoagatik), Elorrio BHIko DBH1eko ikasleei (Asiar liztorra bideoagatik), eta Guillermo Ordasi (17 urterekin 4 bideo erabat ezberdin aurkezteko ahaleginarengatik).
Seigarren lehiaketara aurkeztutako 53 bideoetatik, Gazte Saria atalekoak ziren 26; euskarazkoak, berriz, 19. Lan berri horiek gehituta, 270 bideoko kontsulta-basea du jada www.onzientzia.tv webguneak.
Saio berezi batean emango du Teknopolis telebista-saioak sari-banaketa, bai eta saritutako lanak eta saridunen adierazpenak ere. Maiatzaren 28an izango da ikusgai saioa ETB1en, eta maiatzaren 29an ETB2n.