Skip to main content
Noticia Elhuyar

‘Behagunea’: Donostia 2016ren talaia digitala

2016 | Ekainak 08

Donostia 2006 kultura-hiriburutzak Behagunea aurkeztu du gaur EHUren Donostiako campusean, kultura-hiriburutzak antolatzen dituen ekitaldiei buruzko iritziak biltzen dituen webgunea.

 

Behagunea webguneak, Elhuyarren tekn...

Donostia 2006 kultura-hiriburutzak Behagunea aurkeztu du gaur EHUren Donostiako campusean, kultura-hiriburutzak antolatzen dituen ekitaldiei buruzko iritziak biltzen dituen webgunea.

 

Behagunea webguneak, Elhuyarren teknologiari esker, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren barruan antolaturiko ekintza zein ekitaldiek Interneten eta sare sozialetan izan duten jarraipena neurtzen du automatikoki. Milaka albiste, iritzi-artikulu eta mezu bildu, eta haietako edukiak sailkatzen ditu, zein gairi dagozkion identifikatuz eta adierazpen horiek positibo, negatibo edo neutralak diren adieraziz. Datu horiek webgunean publikoki ikusgai daude, modu erakargarrian, erabiltzaileei nabigazio eroso eta intuitiboa eskainiz.

Aldeko zein kontrako iritziak modu argian erakutsita, ekitaldien termometro bikaina da Behagunea. Horrez gain, webgunean bertan ekitaldi jakin bati buruzko iritzia emateko aukera eskaintzen dio erabiltzaileari.

Webguneak darabilen teknologia erraz egokitu daiteke beste domeinu batzuetara, beste edozein erakunde edo elkartek erabili dezan.

Europako proiektu batean oinarritutako ekimena

IXA taldeak gidatutako Europako ikerketa-proiektu baten (OpeNer project) emaitzak jaso eta aplikatu dira Behagunean, eta, Elhuyarrek garatutako iritzi-erauzketako teknologia konbinatuz, kultura-arloan puntakoa eta berritzailea den aplikazio bat sortu da.

Teknologikoki, hauek dira Behagunearen ezaugarri nagusiak:

Sistemak DSS2016EU ekimenaren barruan egiten diren proiektuen inguruko iritzia jasotzen du saretik, denbora errealean. Iritzi bat publikatu eta handik 10 minutura, iritzi hori, linguistikoki prozesatuta eta polaritatea aztertuta (iritzi positiboa/negatiboa), ikusgai dago Behagunean.

- Aipamenak hainbat iturritatik eskuratzen ditu aplikazioak, horretarako berariaz sortutako softwareari esker. Egunkariak, sare sozialak eta blogak ustiatzeko gai da.

- Iritzien analisi aurreratua. Sistemak mezuen polaritatea detektatzen du, eta mezuetan aipatzen diren gaiak eta haien egileak identifikatzen ditu. DSS2016EUren domeinura egokitutako iritziak aztertzeko teknologia garatu da, 4 hizkuntzatarako, euskara barne.

- Datuen bisualizazio aurreratua. Sistemak DSS2016EU ekimenaren barruko proiektuen inguruko iritzia jasotzen du, denboran zeharreko aldaketak erakusten ditu, egile aktiboenak identifikatzen ditu, eta jasotako datuen gaineko estatistikak sortzen ditu. Tresnak, datu guztiak modu erosoan kontsultatzeko, bisualizazio interaktibo aurreratua eskaintzen du.

- Zaintza-sistemaren kudeaketa aurreratua. Kudeatzaileak aukera du monitorizatu nahi diren gaiak zein iturriak konfiguratzeko, eta estatistika atal berezitua ere badu. Horretaz gain, jasotako iritziak eskuz berrikusteko eta sailkapena zuzentzeko aukera ematen zaio. 

Ekitaldien ebaluaziorako tresna

Garatutako bot edo programa informatiko hau erraz egokitu daiteke beste domeinu batzuetara. Hala, beste edozein erakundek edo kultura-elkartek erabili ahal izango dute, dagozkion moldaketak eginda, beren ekitaldi, jaialdi edo eguneroko jardueren jarraipena egiteko. Hartara, kultura-ekitaldien ebaluaziorako aldagai berriak eragingo ditu Behaguneak, eta bertaratutakoen kopuruaren edo ezaugarrien ohiko informazioari gehitzeko moduko datuak eskainiko ditu.

Sistema irekien filosofiarekin guztiz bat datorren soluzio teknologiko bat du atzean Behaguneak. Proiektuan zehar garatu eta erabili diren teknologia guztiak software librea dira, eta, lizentzia libreekin, eskuragarri daude sarean.

- Interfazea: https://github.com/Elhuyar/BehaguneUI

- Datu-bilketarako modulua:https://github.com/Elhuyar/MSM

- EliXa iritzien azterketarako modulua: https://github.com/Elhuyar/EliXa

- IXA pipes, testuen analisi linguistikoa egiteko tresnak (EliXaren barruan integratuta daude): http://ixa2.si.ehu.es/ixa-pipes/

 

Kontaktua

Irune Bengoetxea Lanberri
Komunikazio-arduraduna
943363040 (Luzp. 301)