Caf-Elhuyar sariketaren lan onenak ezagutaraziko dira ostiralean, Donostian
-
Maiatzaren 12an izango da sari-banaketa, 18:00etan hasita, Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan (Donostia)
-
Maria Jesus Esteban Galarza matematikariak jasoko du Elhuyarren Merezimendu Saria
Caf-Elhuyar sariek helburu garbia dute: kultura zientifikoaren alde egitea, gai zientifiko-teknologikoak gizarteratzen dituzten dibulgatzaile, ikertzaile eta sortzaileen lana aitortuz eta sarituz.
Maiatzaren 12an egingo da aitortza hori, sariak banatzeko ekitaldian. Sarituen artean izango da Maria Jesus Esteban Galarza matemati...
-
Maiatzaren 12an izango da sari-banaketa, 18:00etan hasita, Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan (Donostia)
-
Maria Jesus Esteban Galarza matematikariak jasoko du Elhuyarren Merezimendu Saria
Caf-Elhuyar sariek helburu garbia dute: kultura zientifikoaren alde egitea, gai zientifiko-teknologikoak gizarteratzen dituzten dibulgatzaile, ikertzaile eta sortzaileen lana aitortuz eta sarituz.
Maiatzaren 12an egingo da aitortza hori, sariak banatzeko ekitaldian. Sarituen artean izango da Maria Jesus Esteban Galarza matematikaria, hark jasoko baitu Elhuyarren Merezimendu Saria, zientziaren dibulgazioan eta euskararen normalizazioan egindako lanarengatik, Elhuyarren Fundazioaren Patronatuaren eskutik.
Esteban Parisen bizi da, Matematika Aplikatuen CEREMADE ikerketa-zentroko ikertzaile baita, eta, besteak beste, ICIAM Matematika Industrial eta Aplikaturako Nazioarteko Kontseiluko lehendakari ere bada.
Harekin batera izango dira kategoria hauetan sarituko direnak:
Dibulgazio-artikulu originalak. Kategoria honetan, euskaraz sortutako zientzia eta teknologiaren dibulgazio-lanak saritzen dira. Bi azpikategoriatan banatuta dago: dibulgazio-artikulu orokorrak, eta egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak. Azpikategoria bakoitzaren irabazleak 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eskuratuko du.
Zientzia-kazetaritzaren arloko lanak. Kategoria honetan, euskaraz sortu eta 2016an argitaratutako kazetaritza-lan bat saritzen da, 2.000 eurorekin eta Andonegiren eskulturarekin.
Zientzia gizartean sorkuntza-beka. Kategoria honetan, zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duten proiektuak bultzatzen dira. Hautatutako proiektuak 5.000 euroko beka bat jasotzen du, proiektua garatzen eta gizartera zabaltzen laguntzeko asmoz.
Horiz gain, aurten lehen aldiz, lehen sektoreko lan onenari eskainitako NEIKER-Tecnalia Saria ere emango da. Sari horretan Eva Ugarte Sagastizabal NEIKER-Tecnaliako Berrikuntza Unitateko Arduradunak egin ditu epaile-lanak.
Beste kategorietako lanak, berriz, bi epaimahaik aztertu dituzte. Dibulgazio-artikulu eta kazetaritza-lanez kide hauek arduratu dira:
- Leire Cancio Orueta, Elhuyarreko zuzendari nagusia
- Arturo Elosegi Irurtia, ekologoa eta EHUko ikertzailea
- Marian Iriarte Ormazabal, kimikaria eta EHUko ikertzailea
- Alberto Barandiaran Amillano, kazetaria eta HEKIMENeko zuzendaria
- Uxune Martinez Mazaga, Euskampus Fundazioko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna
Zientzia gizartean sorkuntza-bekara aurkeztutako proiektuak, berriz, honako hauek epaitu dituzte:
- Maria Gil Rodriguez, Elhuyar Zientzia unitatearen arduraduna
- Josu Rekalde Izagirre, EHUko Artea eta Teknologia Saileko zuzendaria
- Koldo Almandoz de La Cruz, zine-zuzendaria
Bestalde, sari-emaileen artean, Jose M. Pitarke de La Torre, Elhuyar Fundazioko lehendakaria eta CIC nanoGUNEko zuzendari nagusia; Arantxa Tapia Otaegi, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburua; eta Miren Dobaran Urrutia, Hizkuntza Politikarako Sailburuordea.
Sariak banatu ondoren, iaz Zientzia Gizartean sorkuntza-beka jaso zuen proiektuaren emaitza erakutsiko du egileak, Enrike Hurtado Mendietak: Txalaparta digitala eta interaktiboa.
.png)
.jpg)
Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri gurekin harremanetan.
Izaro Aizpurua Arkauz
Elhuyar
Tfnoa: 943 363040 luzp.: 313 / 663339569