Europako proiektu bat martxan jartzeko bilera Pisan
Irailaren 23an eta 24an, Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateko lankide Justyna Pietrzak Pisan (Italia) izango da, Erasmus+ Europako diru-laguntza jaso duen proiektu bat abian jartzeko bileran.
Elhuyarrek, Europako beste lau erakunderekin batera (Italiako Consiglio Nazionale delle Ricerche, Frantziako European Language Equality Network, Finlandiako Karelian Language Association eta Alemaniako
Irailaren 23an eta 24an, Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateko lankide Justyna Pietrzak Pisan (Italia) izango da, Erasmus+ Europako diru-laguntza jaso duen proiektu bat abian jartzeko bileran. Elhuyarrek, Europako beste lau erakunderekin batera (Italiako Consiglio Nazionale delle Ricerche, Frantziako European Language Equality Network, Finlandiako Karelian Language Association eta Alemaniako Johannes Gutenberg Universitaet Mainz), hizkuntza gutxituen eta eskualde-hizkuntzen erabilera digitala ikertzeko eta sustatzeko proiektu bat aurkeztu zuen Erasmus+ Europako diru-laguntzen deialdira duela hilabete batzuk, eta onartu egin digute diru-laguntza. Digital Language Diversity Project (DLDP) da proiektuaren izena, eta hiru urteko egitasmo bat da. Haren bidez, Europako zenbait hizkuntza gutxituk eta eskualde-hizkuntzak mundu digitalean aurrera egin dezaten lortu nahi da, hiztunei gailu digitaletan edukia sortzeko eta partekatzeko trebakuntza emanez. Horretarako, inkesta bat egingo da lehendabizi, Europako gaur egungo hizkuntza-aniztasun digitalaren berri jasotzeko. Bereziki aztertuko dira euskararen, bretoieraren, karelieraren eta sardinieraren egoera, eta Europa mailako trebakuntza-programa bat jarriko da abian hizkuntza horietako hiztunentzat, nork bere hizkuntzan eduki digital erabilgarria eta irakaskuntza-materiala sor dezaten. Aholku sendo, argi eta erabilgarriak emango zaizkie, jakin dezaten hizkuntza bat digitalki sendotzeko zer behar den eta zer egin daitekeen. 