Hendaian euskararen geroaz gogoeta egiteko prozesua abian da
Hendaiako Herriko Etxeak Euskararen Plan Estrategikoa lantzeko prozesua aurkeztu du udalerrian euskararen erabilera bulkatzeko eta euskaldun-komunitatea sendotzeko. Planak egungo egoeraren alderdi kuantitatiboak eta kualitatiboak jasoko dituen diagnostiko bat eginen du, eta aitzina begira jartzeko lan-tresna izanen da, eguneroko dinamikatik haratago begiratzeko. Elhuyar Aholkularitzak dinamizatuko du prozesua.
Azaroaren 3an, Kotte Ecenarro Hendai...
Hendaiako Herriko Etxeak Euskararen Plan Estrategikoa lantzeko prozesua aurkeztu du udalerrian euskararen erabilera bulkatzeko eta euskaldun-komunitatea sendotzeko. Planak egungo egoeraren alderdi kuantitatiboak eta kualitatiboak jasoko dituen diagnostiko bat eginen du, eta aitzina begira jartzeko lan-tresna izanen da, eguneroko dinamikatik haratago begiratzeko. Elhuyar Aholkularitzak dinamizatuko du prozesua.
Azaroaren 3an, Kotte Ecenarro Hendaiako auzapezak, Michelle Mounios Adurriaga Euskara arduradunak eta Haritza Camblong Euskara Batzordeko kide den hautetsiak Hendaiako Euskararen Plan Estrategikoa aurkeztu dute. Ekitaldian izan dira Udalbiltzako lehendakariorde Maite Iturre (plan estrategikoa diruz lagundu du Udalbiltzak), Aitziber Zapirain, Hendaiako euskaltzalea; eta Elhuyar Aholkularitzako Helene Armentia eta Irati Bereau.

Euskararen egoera Ipar Euskal Herri osoan zaila bada ere, egoera horri itzulia emateko lanean ari dira hainbat eremutan tokiko erakundeak zein eragile sozialak. Horren guztiaren adibide garbia da euskara biziberritzeko ahaleginean Hendaian Euskararen Plan Estrategikoa egiteko prozesua martxan jarri izana, Ipar Euskal Herrian eginen den lehenbiziko euskara-plana, hain zuzen ere.
Helburua da Hendaiako herritarren eta eragileen artean euskararen erabilera sustatzea eta udalerriak hurrengo urteetan garatuko duen hizkuntza-politika eta lan-ildo berriak finkatzea. Helburu hori lortzeko, gogoetarako bideak jarriko dira pertsonen esperientzietan oinarrituz eta herritarren partaidetza ahalbidetuz.
Lehenbizi, ezinbertzekoa da egungo egoera aintzat hartuta Hendaian euskarak bizi duen egoeraren diagnostikoa egitea. Horrenbertzez, diagnostiko hori osatzen joateko, bertzeak bertze, aitzinetik egindako lanaren inguruko dokumentazioa jaso da, eta elkarrizketa egin zaie hainbat sektoretako eragileei, euskarak Hendaian duen egoerari eta etorkizunari buruzko iritziak biltzeko.
Bigarren fasean, hiru bilkura eginen dira herritarrekin eta eragileekin diagnostikoa osatzeko eta aitzina begirako erronkak eta neurriak lantzeko. Hiru bilkura horiek Sokoburuko Abbadie Aretoan eginen dira azaroaren 7an, azaroaren 21ean eta abenduaren 5ean, larunbatez, 9:30etik 12:30era. Beraz, Hendaiako herritar, eragile eta sektore guztiak animatu nahi dituzte bileretara joan eta iritzia ematera. Izan ere, halako plan bat egiteko, arrunt garrantzitsua da herriko errealitate linguistikoa islatzea eta sektore, eragile eta herritar-tipologia guztiak aintzat hartzea.
“Horrelako prozesuak lagungarri izaten dira jauzi kualitatiboak emateko, egiten den lana gizarte osoari ikusarazten laguntzen dutelako, batetik, eta euskararen inguruan ari diren pertsona eta erakundeak elkarlanean jartzen dituelako, bertzetik. Azken batean, hizkuntza-komunitatearen egitura sendotzen laguntzen du” adierazi du Elhuyar Aholkularitzako ordezkariak.