ON Zientzia sariketaren irabazleak Teknopolisen ezagutu dira
Mikropaleontologia galletekin, ur-tanta batek ezkutatzen dituen sekretuak, zientziari begirada berezia eta umorez betetako isuri kognitiboa izan dira aurtengo bideo irabazleak.
Covid-19aren krisiak sari-banaketaren ekitaldiari eragin badio ere, ez da halakorik gertatu lehiaketako parte-hartzearekin: inoiz baino lan gehiago jaso dira aurtengo edizioan, 89, eta bereziki nabarmentzekoa da erabateko genero-oreka egon dela parte-hartzaileen artean.
Hauek dira ON Zientziaren edizio honetako epaimahaia osatu duten kideak: Marian Iriarte, UPV/EHUko Kimika Fakultateko dekanoa eta zientzia-dibulgatzailea; Onintze Salazar, Euskalmeteko fisikaria; Txema Muñoz, Euskadiko Filmategiko kidea eta Kimuak programaren arduraduna; Nora Gonzalez, Fisikan doktorea eta DIPCko komunikazio-arduraduna; eta Nagore Rementeria, Elhuyarreko kidea eta Teknopolis programako zuzendaria.
Saritutako bideoak eta Teknopolis programa berezia ON Zientzia lehiaketaren webgunean ikusgai daude: www.onzientzia.tv.