DLDP proiektuko lan-bilera Pisan

Hizkuntza-aniztasun Digitalaren Europako Proiektuko (Digital Language Diversity Project, DLDP) kideak Pisan (Italia) elkartuko gara martxoaren 21ean eta 22an.
2016an hizkuntza gutxituen erabilera digitala neurtzeko inkesta martxan jarri ondoren, 2017an inkesta horien emaitzak argitaratu genituen.

Hizkuntza-aniztasun Digitalaren Europako Proiektuko (Digital Language Diversity Project, DLDP) kideak Pisan (Italia) elkartuko gara martxoaren 21ean eta 22an.
2016an hizkuntza gutxituen erabilera digitala neurtzeko inkesta martxan jarri ondoren, 2017an inkesta horien emaitzak argitaratu genituen.
Ordutik ez gara geldirik egon. Inkesta horietan ateratako emaitzak oinarritzat hartuta, Digital Survival Kit (hizkuntza gutxituek digitalki bizirauteko kit) delakoak lantzen jardun dugu; funtsean, hizkuntza gutxituen erabilera biziarazteko gomendio-multzo bat.
Bilera honetan, hizkuntza-mailaren araberako hainbat kit aurkeztu eta haien inguruan eztabaidatzeko aukera izango dugu. Horri lotuta, proiektuaren beste helburuetako bati ere helduko diogu, hizkuntza gutxituen hiztunei zuzenduriko trebakuntza-programa izango dugu hizpide. Hezkuntza-programa hori lau hizkuntza gutxitu hauek eremu digitalean biziberritzeko eta aurrera egin dezaten laguntzeko helburuarekin sortzen ari gara: bretoiera, kareliera, sardiniera eta euskara. Lan horren emaitzak hilabete batzuk barru erakutsiko ditugu.
Azkenik, hizkuntza-aniztasun digitalerako bide-orriari buruz hitz egingo dugu. Helburua da bide-orri hori arduradun politikoen eta interes-taldeen gida moduko bat izatea, etorkizunean lagunduko diena erabakitzen zein diren hizkuntza-erakundeek eta gobernuek garatu behar lituzketen tresna digitalak, betiere hizkuntza gutxituak edo arriskuan daudenak modu eraginkorrean biziberritzea lortzeko.
Bileran, DLDP proiektuko kide hauek elkartuko gara:
Claudia Soria, Irene Russo, Valeria Quochi eta Paola Baroni, Consiglio Nazionale delle Ricerche (Pisa, Italia)
Davyth Hicks, European Language Equality Network, ELEN (Frantzia)
Anneli Sarhimaa eta Eleonore Kruse, Mainzeko Unibertsitatea (Alemania)
Tuomo Salonen, Kareliera Hizkuntzaren Elkartea (KKS, Finlandia)
Antton Gurrutxaga eta Klara Ceberio, Elhuyar Fundazioa (Euskal Herria)