Skip to main content
Noticia Elhuyar

Gutxiengoen hizkuntzen arloko Europako topaketa Aragoin

2018 | Apirilak 24

Gutxiengoen hizkuntzen arloko Europako topaketa bat izango da Aragoin, aragoiera protagonista dela

Apirilaren 26an, Euskal Herriko, Frantziako eta Espainiako 6 erakunde elkartuko dira Zaragozan, “LINGUATEC” Europako proiektuaren barruan, gutxiengoen hizkuntzak digitalizatzeko esperientzia-tailer batean elkarrekin lan egiteko.

&ld...

Gutxiengoen hizkuntzen arloko Europako topaketa bat izango da Aragoin, aragoiera protagonista dela

Apirilaren 26an, Euskal Herriko, Frantziako eta Espainiako 6 erakunde elkartuko dira Zaragozan, “LINGUATEC” Europako proiektuaren barruan, gutxiengoen hizkuntzak digitalizatzeko esperientzia-tailer batean elkarrekin lan egiteko.

“Gutxiengoen hizkuntzak digitalizatzeko esperientziak” landuko dituen tailerra Zaragozan izango da, 2018ko apirilaren 26ko 10:30ean, eta Aragoiko Gobernuko Lurralde Antolamendu, Mugikortasun eta Etxebizitza Kontseiluko kontseilaria izango da buru. LINGUATEC proiektua osatzen duten 6 erakundeetako ordezkariek hartuko dute parte.

EFA 227/16/LINGUATEC “Mugaz gaindiko kooperazioaren garapena eta hizkuntza-teknologien jakintzaren transferentzia” proiektuaren helburua da aragoieraren, euskararen eta okzitanieraren digitalizazio-maila hobetuko duten baliabide, tresna eta aplikazio linguistiko berritzaileak garatu, frogatu eta zabaltzea. Horretarako, partzuergo bat du, 6 erakunde hauek osatua:

1. ELHUYAR FUNDAZIOA

2. LO CONGRÈS PERMANENT DE LA LENGA OCCITANA

3. EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA

4. CNRS (CENTRE NATIONAL DE LA RECHERCHE SCIENTIFIQUE)- DELEGATION REGIONALE MIDIPYRENEES

5. EUSKALTZAINDIA

6. SOCIEDAD DE PROMOCIÓN Y GESTIÓN DEL TURISMO ARAGONÉS SLU

Mugaz gaindiko lankidetzari esker, jakintzak transferitu eta merkatu-potentziala duten irtenbide linguistikoak garatuko dira; era berean, onuragarriak izango dira hizkuntzen profesionalentzat, eduki eleaniztunetarako sarbidea izango du publikoak, eta hizkuntza-teknologien mugaz gaindiko kluster baten garapenean aurrera egin ahal izango da.

Proiektuko bazkide diren 6 erakundeen lankidetzari esker, emaitza hauek lortzea espero da:

  • Aragoiera digitalizatzeko bide-orri bat

  • 5 baliabide linguistiko berri (okzitaniera: lexiko elebakarra eta elebiduna –okzitaniera/beste hizkuntza batzuk–, analisi morfosintaktikoa eta sintaktikoa; euskara: ahots-ezagutzea)

  • 8 tresna linguistiko garatu edo hobetzea (Okzitanieraren, aragoieraren eta Iparraldeko euskararen ahots-sintesia; okzitanieraren eta okzitanieraren aldaeren testu-detektagailua; frantsesa-okzitaniera, gaztelania-euskara, gaztelania-aragoiera itzulpen automatikoen hobekuntza).

  • 6 aplikazio berritzaile garatzea: webguneetarako itzulpen automatikoko barra deskargagarria; CMSren itzulpen automatikoko aplikazioa; Pirinioetako hizkuntzen arteko itzulpen automatikoko aplikazioa; Euskara Batuaren Eskuliburu Digitala; Onlineko Aragoiera Hiztegia; web-bilatzaile semantiko eleaniztuna.

  • Unibertsitateen eta enpresen arteko akordio bat, irtenbideak merkaturatzeko.

EFA227/16/LINGUATEC proiektua bigarren POCTEFA deialdian onartu zuten, 1.227.500 euroko aurrekontuarekin; aurrekontu horren % 65 Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatzen du Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) programaren bitartez. Espainia-Frantzia-Andorra mugako eremuaren integrazio ekonomiko eta soziala indartzea da POCTEFAren xedea. Lurralde-garapen jasangarriaren aldeko baterako estrategien bidez mugaz gaindiko jarduera ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak garatzera bideratzen da laguntza hori.

 


 

PROGRAMA

 

Eguna: 2018ko apirilaren 26a (osteguna).

Tokia: Pignatelli eraikineko Hermanos Bayeu aretoa (beheko solairua, 19. atea), María Agustín pasealekua, 36. 50004, Zaragoza.

Ordua: 10:30 – 14:00.

10:30.- Inaugurazioa, Aragoiko Gobernuko Lurralde Antolamendu, Mugikortasun eta Etxebizitza Kontseiluko kontseilariaren eskutik.

10:45.- Lehen hitzaldia: Euskararen digitalizazioa, Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateko arduradun Josu Aztiriaren eskutik.

Solasaldia parte-hartzaileekin

11:45.- Atsedena-kafea

12:15.- Bigarren hitzaldia: “Okzitaniera digitalizatzeko bide-orria”, Lo Congrès Permanent de la Lenga Occitana-ren ordezkari Benaset Dazéas-en eskutik, Josu Aztiria Elhuyarreko kidea lagun duela.

Solasaldia parte-hartzaileekin

13:15.- Hirugarren hitzaldia: “Aragoiera digitalizatzeko bide-orria: garatu beharreko baliabide eta tresna linguistikoak, garapen-egutegia eta esku hartuko duten eragileak”, Aragoiko Gobernuko Hizkuntza Politikako zerbitzuburu Francho Beltrán Auderaren eskutik.

Solasaldia parte-hartzaileekin

14:15.- Bazkaria

 

 

Kontaktua

Irune Bengoetxea Lanberri
Komunikazio-arduraduna
943363040 (Luzp. 301)