Kalean da ekaineko Elhuyar aldizkaria
Martxotik aurrera, hiru hilez behin argitaratzen da Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkaria. Hala, orain argitaratu da azken zenbakia, betiko xedearekin: zientzia eta teknologiaren berri ematea, bereziki arreta jarriz gure herrian egiten den zientzian eta garapen teknologikoan.

Albiste laburrak, erreportajeak, elkarrizketak, iritzi-testuak eta CAF-Elhuyar sarien 2014ko edizioan saritutako lanak biltzen ditu ekaineko Elhuyar aldizkar...
Martxotik aurrera, hiru hilez behin argitaratzen da Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkaria. Hala, orain argitaratu da azken zenbakia, betiko xedearekin: zientzia eta teknologiaren berri ematea, bereziki arreta jarriz gure herrian egiten den zientzian eta garapen teknologikoan.

Albiste laburrak, erreportajeak, elkarrizketak, iritzi-testuak eta CAF-Elhuyar sarien 2014ko edizioan saritutako lanak biltzen ditu ekaineko Elhuyar aldizkariak.
Jaioberrien sexu-banaketa bitarrak (nahitaez neska edo mutil izendatu beharrak) sortzen dituen arazoak dira erreportajeetako baten abiapuntua. Bi sexuen sailkapenaz harago erreportajean, Jose Antonio Rodriguez EHUko Medikuntza Fakultateko ikertzaileak eta Aingeru Mayor sexologo eta Chrysalis Euskal Herria haur transexualen guraso-elkartearen lehendakariak, beren ikuspegia azaltzeaz gain, egoera aldatzeko proposamenak ere egin dituzte.
Beste erreportaje batek eraikin jasangarriak ditu ardatz: zer diren, nola lortzen duten energetikoki eraginkorrak izatea eta zer beste alderdi hartzen dituzten aintzat... Zerora bidean da erreportajearen izenburua, eta argazkiek agerian jartzen dute eraikin horien ikusgarritasuna. Orona Zero izenekoa da adibide bat. Horrekin batera, herritarren etxebizitzetan eta birgaitzeetan aplikagarriak diren aurrerapenek osatzen dute artikulua.
Ber2tek proiektuak, Paleolitoko hilobi batean aurkitutako loreek, Atxukarro neurozientzialariaren biografiak eta Ikergazte kongresuak ere badute tokia Elhuyar aldizkariaren orrietan.
Elkarrizketatuen artean, berriz, Naiara Arrizabalaga Matematikan doktorea eta Fernando Plazaola EHUko Ikerketaren arloko errektoreordea aipa daitezke.
Elhuyar Zientzia eta Teknologia 318. zenbakiaren eduki guztiak, hemen.
Edukiak CC lizentziapean argitaratzen dira, eta zientzia eta teknologiarekiko interesa edo jakin-mina duten irakurleei zuzenduta daude.