Skip to main content
Noticia Elhuyar

Zientzia gizarteratzen ari direnek aitortza jasoko dute, CAF-Elhuyar sarien bitartez

2016 | Maiatzak 06

Zientzia gizarteratzen ari direnek aitortza jasoko dute, CAF-Elhuyar sarien bitartez

Maiatzaren 11n, izango da sari-banaketa, 18:00etan hasita, Tabakalerako Kutxa Kultur gunean (Donostia)

Kepa Altonaga Sustatxa zoologo eta idazleak jasoko du Elhuyarren Merezimendu Saria, zientziaren dibulgazioan eta euskararen normalizazioan egindako lanarengatik

“Jarri txertoa kultura zientifikoaren alde”;  hori da 2015eko CAF-Elhuyar sarien leloa. Hain zuzen ere, horixe da sariketaren helburua: kultura zientifikoaren alde egi...

Zientzia gizarteratzen ari direnek aitortza jasoko dute, CAF-Elhuyar sarien bitartez

Maiatzaren 11n, izango da sari-banaketa, 18:00etan hasita, Tabakalerako Kutxa Kultur gunean (Donostia)

Kepa Altonaga Sustatxa zoologo eta idazleak jasoko du Elhuyarren Merezimendu Saria, zientziaren dibulgazioan eta euskararen normalizazioan egindako lanarengatik

“Jarri txertoa kultura zientifikoaren alde”;  hori da 2015eko CAF-Elhuyar sarien leloa. Hain zuzen ere, horixe da sariketaren helburua: kultura zientifikoaren alde egitea, gai zientifiko-teknologikoak gizarteratzen dituzten dibulgatzaile, ikertzaile eta sortzaileen lana aitortuz eta sarituz.

Gainera, kultura zientifikoa kulturaren parte dela aldarrikatzen dute antolatzaileek, eta horren erakusgarri da sari-banaketa egiteko aukeratutako lekua: Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa. Han jakingo da, 18:00etatik aurrera, nork jasoko dituzten sariak, sariketak dituen hiru kategorietan.

Kategoria horietakoak ez ezik, Merezimendu Sari bat ere badu sariketak, Elhuyar Fundazioaren Patronatuak ematen duena. Aurten, Kepa Altonaga Sustatxa zoologo eta idazleak jasoko du. Altonaga lehen ere hiru aldiz izan da saritua Caf-Elhuyar sarietan, baina, oraingoan, ibilbide osoan zientziaren dibulgazioan eta euskararen normalizazioan egin duen lan oparoarengatik jasoko du aitortza.


Arg.: Marisol Ramirez / Argazki Press. Iturria: Elhuyar aldizkaria, 287 zkia., 2012ko ekaina

Hauek dira goian aipatutako hiru kategoriak:

Dibulgazio-artikulu originalak. Kategoria honetan, euskaraz sortutako zientzia eta teknologiaren dibulgazio-lanak saritzen dira. Bi azpikategoriatan banatuta dago: dibulgazio-artikulu orokorrak, eta egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak. Azpikategoria bakoitzaren irabazleak 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eskuratuko du.

Zientzia-kazetaritzaren arloko lanak. Kategoria honetan, euskaraz sortu eta 2015ean argitaratutako kazetaritza-lan bat saritzen da, 2.000 eurorekin eta Andonegiren eskulturarekin.

Zientzia gizartean sorkuntza-beka. Kategoria honetan, zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duten proiektuak bultzatzen dira. Hautatutako proiektuak 5.000 euroko beka bat jasotzen du, proiektua garatzen eta gizartera zabaltzen laguntzeko asmoz.

Bi epaimahaik aztertu dituzte aurtengo ediziora aurkeztutako lanak. Dibulgazio-artikulu eta kazetaritza-lanez kide hauek arduratu dira:

- Leire Cancio Orueta, Elhuyarreko zuzendari nagusia

- Arturo Elosegi Irurtia, ekologoa eta  EHUko ikertzailea

- Marian Iriarte Ormazabal, kimikaria eta EHUko ikertzailea

- Alberto Barandiaran Amillano, kazetaria eta HEKIMENeko zuzendaria

- Uxune Martinez Mazaga, Euskampus Fundazioko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna

 

Zientzia gizartean sorkuntza-bekara aurkeztutako proiektuak, berriz, honako hauek epaitu dituzte:

- Garazi Andonegi Beristain, Elhuyar Zientzia unitatearen arduraduna

- Josu Rekalde Izagirre, EHUko Artea eta Teknologia Saileko zuzendaria

- Koldo Almandoz de La Cruz, zine-zuzendaria

Bestalde, sari-emaileen artean, Jose M. Pitarke de La Torre, Elhuyar Fundazioko lehendakaria eta CIC nanoGUNEko zuzendari nagusia eta Markel Olano Arrese, Gipuzkoako Diputatu Nagusia izango dira.

Informazio gehiago:

Izaro Aizpurua Arkauz
Elhuyar
943 363040 luzp.: 313 / 615753534
@email

Kontaktua

Irune Bengoetxea Lanberri
Komunikazio-arduraduna
943363040 (Luzp. 301)