Skip to main content
AA gida praktikoa

Elhuyarren adimen artifizialeko tresnak erabiltzeko gida praktikoa

2025 | Uztailak 15

Elhuyarren, adimen artifizialeko tresnak erabiltzeko gida praktikoa sortu dugu. Elhuyarreko langileei zuzendua dago gida, baina gure komunitatearentzat ere erabilgarria izan daitekeela pentsatu dugu.

Gida honen helburu nagusia da adimen artifizialeko tresnak erabiltzeko irizpideak ezartzea: noiz eta zertarako erabili, noiz ezin ditugun erabili, nola eta zertarako erabili ikusteko adibide batzuk, etab. Gida abiapuntu bat da. Teknologia azkar aldatzen den heinean, etengabe eguneratzen joango garen dokumentu bizia izango da.


Hauek dira AAko tresnak erabiltzeko gida honetan jaso ditugun irizpide nagusiak: 

  • Legez jokatu eta etika zaindu. Indarrean dagoen araudia errespetatuko da beti. Datu pertsonal eta konfidentzialak ez dira inoiz igoko babesik eta baimenik gabeko kanpo-sistemetara.
  • Profesionalak gainbegiratu behar du lana eta berea da erantzukizuna. AAko tresnak laguntzaile moduan erabiliko ditugu, baina azken erabakia eta ardura beti izango da profesionalarena.
  • Prozesurako erabili, ez azken emaitza moduan. Tresnek emandako erantzunak ekarpen gisa hartuko ditugu, inoiz ez azken emaitza gisa. Beraz, Elhuyarrek ez du adimen artifizialak sortutako ezer argitaratuko (ez bere kanal eta hedabideetan, ez bezeroei eta kolaboratzaileei emandako edukietan).
  • Euskarazko emaitzen zuzentasuna eta egokitasuna zaindu. Adimen artifizialeko eredu askok euskararekin muga handiak dituzte oraindik. Elhuyarren beti gainbegiratuko ditugu testuak, hizkuntza-kalitatea bermatzeko eta eredugarri izateko bidean.
  • Gardentasunez jokatu. Prozesuan adimen artifizialeko tresnaren bat erabiltzen denean, aitortu egingo dugu.
  • Kontuan hartu esplikagarritasuna. AAko tresnak emaitza horretara nola iritsi diren jakin behar dugu ezinbestean, eta ematen diguten informazioaren jatorria eta iturriak ezagutu behar ditugu horretarako.

Gida osoa: Adimen artifizialeko tresnak erabiltzeko gida praktikoa

 

 

Kontaktua

Irune Bengoetxea Lanberri
Komunikazio-arduraduna
943363040 (Luzp. 301)