Mitzuli, zaleak inguratzen
Aplikazio gaztea da Mitzuli, eta sortzaile gazte batek egina, Mikel Artetxek, baina sekulako arrakasta eta zabalkundea lortzen ari da. Bi hilabete pasatxo dira mugikorra itzultzaile bihurtzeko aplikazioa erabilgarri dagoela, eta oihartzun handia izaten ari da Androideko sistemen munduan. Asteazkenean, uztailak 8, aplikazioari buruz idatzi zuten El androide libre blogean, eta ez nolanahi. Besteak beste, honelakoak esan dituzte:
...

"Offlineko itzultzaile osatu bat eta kode llibrekoa"
"Diseinu egokia, erabilerraza eta oso intuitiboa ditu"
"Asko gustatu zait aplikazio hau, erraz erabiltzen baita eta oso ongi funtzionatzen baitu testua eta ahotsa sartzen diogunean".
Mitzuli izeneko aplikazioa Mikel Artetxe EHUko IXA Taldeko ikertzaile zarauztarrak sortu du, Elhuyarren laguntza eta babesarekin.
Androiderako itzultzaile automatiko bat da, eta 50 itzulpen-noranzko baino gehiago eskaintzen ditu; haien artean, protagonismo berezia dute baliabide urriko hizkuntzek, izaera komertzialeko produktuek albo batera utzi ohi dituztenek. Horren erakusgarri, tartean dira Iberiar penintsulako hizkuntza gehienak: portugesa, gaztelania, katalana, galiziera, asturiera, aragoiera, okzitaniera eta, nola ez, euskara.
Testu bidezko itzulpena ez ezik, Mitzulik ahots bidezko sarrera/irteera ere eskaintzen du. Baita irudi bidezkoa ere; hala, aski da kartel bati argazki bat ateratzea, adibidez, eta Mitzuliri karteleko testua itzultzeko eskatzea.
Mitzulik sarean nahiz saretik kanpo lan egiten du, eta software librea da. Deskargatzeko moduan dago Google Playn, doan.