Skip to main content
Noticia Elhuyar

DLDP Europako proiektuko kideen bilera Elhuyarren

2017 | Urriak 03

Hizkuntza-aniztasun digitalaren Europako proiektuan (Digital Language Diversity Project, DLDP) dihardugun erakundeok Elhuyarren Usurbilgo egoitzan elkartuko gara gaur eta bihar, proiektuaren hurrengo urratsez hitz egiteko.

Aurtengo udan argitaratu genituen iaz hizkuntza gutxituen erab...

Hizkuntza-aniztasun digitalaren Europako proiektuan (Digital Language Diversity Project, DLDP) dihardugun erakundeok Elhuyarren Usurbilgo egoitzan elkartuko gara gaur eta bihar, proiektuaren hurrengo urratsez hitz egiteko.

Aurtengo udan argitaratu genituen iaz hizkuntza gutxituen erabilera digitala neurtzeko egin genuen inkestaren emaitzak, ingelesez, eta dagoeneko irakur daitezke euskaraz ere, hemen.

Laburbilduz:

  • Hiztunek argi eta garbi adierazi dute bere hizkuntzak digitalki erabili nahi dituztela, arlo soziolinguistiko guztietan eta hizkuntza nagusiak erabiltzen diren xede guzti eta berberetarako.
  • Sare sozialek aukera paregabea eskaintzen dute hizkuntzak biziberritzeko esparru gisa, baina eremu soziolinguistiko hori oraindik mugatua da.
  • Hizkuntza horiek eremu publikoan gero eta gehiago erabiltzeko eskari nabarmena dago.
  • Hizkuntza gutxituen hiztunei babesa eta adorea eman behar zaie beren hizkuntzak digitalki erabiltzeko, eta nabarmendu eduki digitalaren sortzaile gisa garrantzi handia dutela.
  • Hizkuntza horietarako egiturazko laguntzarik ez egotea konpondu beharreko arazo larria da. Izan ere, hizkuntza horien garapen digitala ez da bideragarria aktibista eta boluntario gutxi batzuen lanaren mende baldin badago.

Orain, hurrengo urratsak planifikatzea dagokigu. Digital Survival Kit (Bizirauteko Kit Digitala) delakoari buruz hitz egingo dugu, eta, horrekin lotuta, trebakuntza-programa bat diseinatuko dugu langai ditugun lau hizkuntza gutxituen erabiltzaileentzat (bretoiera, kareliera, sardiniera eta euskara), eremu digitalean hizkuntza horiek aurrera egin dezaten. Lan horren emaitzak hilabete batzuk barru erakutsiko ditugu.

Bileran, DLDP proiektuko kide hauek elkartuko gara:

  • Claudia Soria, Irene Russo eta Valeria Quochi Consiglio Nazionale delle Ricerche (Pisa, Italia)
  • Davyth Hicks, European Language Equality Network, ELEN (Frantzia)
  • Anneli Sarhimaa eta Eleonore Kruse, Mainzeko Unibertsitatea (Alemania)
  • Tuomo Salonen, Kareliar Hizkuntza Elkartea (KKS, Finlandia)
  • Antton Gurrutxaga eta Klara Ceberio, Elhuyar (Euskal Herria)
Informazio gehiago: Klara Ceberio Berger (@email)
Proiektuaren webgunea: http://www.dldp.eu/

Kontaktua

Irune Bengoetxea Lanberri
Komunikazio-arduraduna
943363040 (Luzp. 301)