Ikasturtean zehar eman ditugun ikastaroetan atseden hartu, eta udako ikastaroetan ibiliko gara aurrerantzean irakasle. Aurten, bi ikastaro emango ditugu, bi unibertsitatetan.
EHUren Uda Ikastaroetan, EIZIEk eta EHUko Letren Fakultateko Itzulpengintza eta Interpretazio Sailak elkarlanean antolatu duten ikastaroan esku hartuko dugu: «Testu(inguru) orokorretik harago: itzulpenaz eta espezializazioaz». Bi eguneko ikastaroa izango da, Donostian, Miramar Jauregian, ekainaren 29tik 30era.
Ostegunean, ekainak 29, "Zer jakin behar luke itzultzaileak terminologiaz?" hitzaldia emango du Antton Gurrutxagak, 12:00etatik 13:15era.
Ostiralean, ekainak 30, "Hizkuntza-zerbitzuen kudeaketa aurreratua: praktikak eta erronkak" hitzaldia emango du goizean Josu Aztiriak, 09:15etik 10:30era. Arratsaldean, berriz, 16:00etatik 17:15era, "Zer eskaintzen du itzultzaileak eta zer eskatzen du bezeroak? Prestakuntzaren eta merkatuaren arteko arrakala espezializazioaren esparruan" mahai-inguruan parte hartuko du, Josu Barambones (moderatzailea), Lurdes Auzmendi eta Ane Lópezekin batera.
Uztailaren 17tik 21era, Madrilgo Complutense Unibertsitatean, «Diccionarios electrónicos: logros y retos para el siglo XXI» ikastaroan esku hartuko dute Garbiñe Alkizak eta Iker Manterolak. Hiztegi berrien proiektu berritzaileen artean, hiztegi espezializatuak sortzeko TermKate langune digitala aurkeztuko dute, tailer batean; uztailaren 19an izango da tailerra, 16:00etan.

