Skip to main content
Elhuyarrek 50 urte beteko ditu aurten

Elhuyarrek 50 urte beteko ditu aurten

2022 | Urtarrilak 27
  • 1972an sortu zen, zientzia eta euskara uztartzeko asmoz.
  • Gaur egun, zientzia ez ezik, hizkuntza-zerbitzuak, adimen artifiziala, hizkuntza-teknologiak eta gizarte-aholkularitza eskaintzen ditu Elhuyarrek, honako xede honekin: euskaratik, teknologiaz eta ezagutzaz baliatuz eta zientzia zabalduz, gizarte aktibo, kritiko eta berdinzalea eraikitzea.
  • Urteurrena ospatzeko, hainbat ekimen egingo dira urtean zehar “Elhuyar, 50 urte aurrerago” lelopean, eta ospakizun honetarako bereziki sortu den irudiarekin.

Elhuyarrek 50 urte beteko ditu aurten, eta, hori ospatzeko, hainbat ekimen egingo dira urtean zehar “Elhuyar, 50 urte aurrerago” lelopean. Urteurren berezi hau ospatzeko irudi bat sortu da, eta baita Elhuyar 50 kutxa ere. 2022an egingo diren ekimen horien lekukotzak, objektuak eta oharrak gordeko dira kutxan, 2072ko herritarrek gure herriaren garai honen lekukotza bat izan dezaten.

Elhuyar 1972an jaio zen, zientzia euskaraz lantzeko helburuarekin. Donostiako Goi Mailako Ingeniaritza Eskolako euskaltzale batzuk larunbatero-larunbatero hasi ziren elkartzen Donostiako San Martzial kaleko Jesuiten “Circulo San Ignacio”n. Hasierako helburua ingeniaritzan gaztelaniaz ikasitako gaiak euskaraz lantzea izan zen, horretarako testuliburu batzuk prestatuz. Talde hark kultura-elkarte egitura hartu zuen gerora, eta 2002an fundazio bihurtu zen.

Ordutik etengabe aritu da lanean Elhuyar, zientzia ez ezik, hizkuntza-zerbitzuak, adimen artifiziala, hizkuntza-teknologiak eta gizarte-aholkularitzako zerbitzuak eskainiz, eta euskara garatuz, honako helburu honekin: euskaratik, teknologiaz eta ezagutzaz baliatuz eta zientzia zabalduz, gizarte aktibo, kritiko eta berdinzalea eraikitzea.

Egun, bi egoitza ditu Elhuyarrek: bata Usurbilen, egoitza nagusia, eta bestea Durangon. Ehun kidek osatzen dute lantaldea, eta, profesional horiekin batera, ibilbide horretan jarraituko du Elhuyarrek aurrerantzean ere. Euskara modernitatera eramanez. Euskalgintza zientziarekin eta teknologiarekin lotuz, sistema berritzaileak erabiliz, industriara eramanez; Euskal Herrian ez ezik, Espainiako eta Europako sareekin lotuz. Aitzindaritza, konpromisoa eta kalitate-bermea dira erakundearen ikur nagusiak.


Elhuyar, 50 urte aurrerago

Mende-erdia bete duela ospatzeko, hainbat ekimen egingo ditu Elhuyarrek urtean zehar “Elhuyar, 50 urte aurrerago” lelopean. Mezu honekin batera, ospakizunerako sortu den irudia erabiliko da. Ekimen guztiei lotura emango dien beste elementua Elhuyar 50 kutxa izango da. Kutxa horretan, urtean zehar egindako ekimenen hainbat lekukotza, objektu eta ohar gordeko dira: zientzia-aurkikuntzak, gizarte-gogoetak, klima, pandemia, euskal gizarteko eta mundu zabaleko berriak, artelanak… Gure herriaren eta garai honen lekukotza bat, 2072ko herritarrentzat. 

Urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi diseinatzen eta antolatzen ari da Elhuyar, bere lan-esparru guztiekin lotura izango dutenak. Hauek, besteak beste: euskararen erabilera arlo sozialean eta lan-munduan; gazteen artean zientzia sustatzea, Zientzia Azokaren hamargarren urteurrenaren baitan; adimen artifizialaren erronkak hizpide izango dituzten jarduerak; itzulpengintza eta teknologiaren arteko lotura; berdintasuna eta eraldaketa soziala; EHUko eta UEUko uda-ikastaroetan parte hartzea; ikus-entzunezkoak, telebista eta irratsaio bereziak, Elhuyar aldizkariaren ale berezia…

Ekitaldi nagusia, nolanahi ere, azaroan izango da, eta jai-giroko ikuskizun batekin ospatuko dugu, Elhuyarren komunitatea osatzen dugun kide, lankide, bazkide, harpidedun, babesle, eta bestelako laguntzaileekin eta euskal gizarteko eragile eta ordezkariekin batera. Ekitaldi hori baliatuko da 50 urte atzera zein aurrera egiteko.

Elhuyar aitzindaria eta berritzailea izan da hasiera-hasieratik, eta gaur 50 urte aurrerago badago, orain mende erdiko euskal gizartearen etorkizun-senari esker izan da. Ezin ahaztu bost hamarkadatan elhuyarkide izandako pertsona guztien ekarpena, eta baita aurrerantzean izango direnena ere, eurei esker baita, eta izango baita Elhuyar, 50 urte aurrerago ere.

Kontaktua

Irune Bengoetxea Lanberri
Komunikazio-arduraduna
943363040 (Luzp. 301)