Skip to main content
Noticia Elhuyar

Europako zenbait hizkuntza gutxitutako hiztunen behar digitalei buruzko lehen inkesta jarri du abian hizkuntza-aniztasun digitalaren proiektuak (DLDP)

2016 | Uztailak 06

Hizkuntza-aniztasun digitalaren proiektuak (DLDP) Europar Batasuneko lau hizkunt...

Hizkuntza-aniztasun digitalaren proiektuak (DLDP) Europar Batasuneko lau hizkuntza gutxitu hauen behar digitalei buruzko azterketaren lehen fasea jarri du abian: euskara, bretoiera, kareliarra eta sardiniera.

Hurrengo asteetan, DLDP proiektuak galdeketa bat bidaliko die hizkuntza horiek sustatzeko ardura duten hainbat erakunderi.

Inkestaren emaitzak baliagarriak izango dira erabakitzeko zein den hizkuntza horien garapen digitalerako biderik egokiena. Hortik abiatuta, Digital Language Survival Kit delakoa garatuko da; funtsean, erabilera biziarazteko gomendio-multzo bat.

Inkesta hizkuntza gutxituetako hiztunen behar digitalei buruzko lehen azterketa ere izango da. Interes-taldeek eta ikerketa-arloko eragileek informazio baliagarria jasoko dute gaur egungo mugimendu sozialek eta hiztun-komunitateek gai honetan duten ikuspegiaz eta eremu digitalean beren hizkuntzarentzat garatu nahi lituzketen baliabideez.

Horrez gain, hizkuntza-aniztasun digitalerako bide-orri bat ere garatuko da proiektu honetan. Helburua da bide-orri hori arduradun politikoen eta interes-taldeen gida moduko bat izatea, etorkizunean lagunduko diena erabakitzen zein diren hizkuntza-erakundeek eta gobernuek garatu behar lituzketen tresna digitalak, betiere hizkuntza gutxituak edo arriskuan daudenak modu eraginkorrean biziberritzea lortzeko.

DLDP proiektua Europar Batasunak finantzatzen du, Erasmus Plus programaren barruan, eta  Consiglio Nazionale delle Ricerche (Pisa, Italia) Hizkuntzalaritza Konputazionaleko Institutuko ikerlari den Claudia Soria doktoreak gidatzen du. Proiektu honetako beste partaideak hauek dira:  Europako Hizkuntza Berdintasunaren aldeko Sarea (European Language Equality Network, ELEN, Frantzia), Mainzeko Unibertsitateko (Alemania) Hizkuntza eslaviar, turkiar eta zinkunbaltikoen Institutuaren barneko Europako iparraldeko hizkuntzen eta hizkuntza baltikoen saila, Elhuyar Fundazioa eta Kareliar Hizkuntza Elkartea (KKS, Finlandia).

Inkestari erantzuteko, egin klik hemen: Inkesta

 

Informazio gehiago:
Klara Ceberio
943363040

@email

 

Kontaktua

Irune Bengoetxea Lanberri
Komunikazio-arduraduna
943363040 (Luzp. 301)