Skip to main content
Noticia Elhuyar

Ikerketa aplikatua «Itzulpen automatikoa euskaraz» mintegian

2016 | Maiatzak 18

 

«Itzulpen automatikoa euskaraz» mintegia egingo dute gaur, maiatzak 18, Donostian, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak antolatuta. Hizlarien artean izango da Itziar Cortés Etxabe, Elhuyarren itzulpengintzarako teknologien arduraduna, Go...

 

«Itzulpen automatikoa euskaraz» mintegia egingo dute gaur, maiatzak 18, Donostian, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak antolatuta. Hizlarien artean izango da Itziar Cortés Etxabe, Elhuyarren itzulpengintzarako teknologien arduraduna, Gorka Labaka Intxauspe Itzulpen Automatikoan doktore eta Ixa Taldeko ikertzailea lagun duela.

Ixa eta Elhuyar erreferenteak dira itzulpen automatikoaren alorrean, eta, mintegian, itzulpen automatikoko sistemei buruz orokorrean hitz egiteaz gain, euskarazko sistemetan egiten diren ikerketen eta proiektuen berri emango dute.

Itzulpen automatikoko sistemak asko aldatu dira urte gutxian. Hasiera batean, erregeletan oinarritutako sistemak sortu ziren, zenbait hizkuntza-baliabide elkarrekin konbinatuta itzulpenak sortzeko. Ondoren, estatistika bidezko sistemak etorri ziren, testu-bilduma erraldoiak oinarri hartuta modelo estatistikoak sortzen zituztenak, testu bat hizkuntza batetik bestera moldatzeko. Gaur egun, itzulpen automatikoen arloa eboluzionatzen ari da etengabe, eta dagoeneko neurona-sareetan oinarritutako sistemetan ikertzen gabiltza.

Ikerketa horiek guztiak aurrera doaz, eta proiektu batean baino gehiagotan txertatzen ari dira. Itziarrek eta Gorkak gaur egun erabiltzen diren itzulpen automatikoko sistema batzuen adibideak emango dituzte; esaterako, Eroski Fundazioarekin batera consumer.es webgunea automatikoki itzultzeko esku artean dugun 3 urteko proiektua, eta Ogasun eta Administrazio Publikoetako Ministerioan orain urte batzuetatik martxan dauden itzulpen automatikoko sistemak. Aipatutako proiektu guztiak ikerketa aplikatuaren adibideak dira, kalitateko sistemak diseinatzen hastetik testuinguru errealetan aplikatzerainoko bidearen erakusgarri.

Itzulpengintza automatikoaren etorkizuna mota horretako ikerketan dago, ikerketa aplikatuan. Hori da bidea: ikertutako teknologia berriak proiektu errealetan txertatzea, eta haietatik ikasitakoarekin berriz ere ikerketan murgiltzea. Horrela, sistemak eta baliabideak etengabe hobetuko dira.

Kontaktua

Irune Bengoetxea Lanberri
Komunikazio-arduraduna
943363040 (Luzp. 301)