Elhuyar aldizkaria, hiru hilez behin
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren martxoko zenbakia duzu hilabetekari gisara argitaratu dugun azkena; aurrerantzean, hiru hilean behin plazaratuko dugu. Erabaki gogorra izan da Elhuyar Fundazioarentzat aldizkariaren argitaratze-maiztasuna aldatzea (hiru hilean behin, hilero beharrean).
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren martxoko zenbakia duzu hilabetekari gisara argitaratu dugun azkena; aurrerantzean, hiru hilean behin plazaratuko dugu. Erabaki gogorra izan da Elhuyar Fundazioarentzat aldizkariaren argitaratze-maiztasuna aldatzea (hiru hilean behin, hilero beharrean).

Ez da, ez, kasualitate hutsa izen bera izatea gure aldizkariak eta erakundeak (Elhuyar, alegia). Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkaria izan zen Elhuyar kultura-elkartearen lehen proiektua. Orduko aldizkari hura, ordea, ez zen egun ezagutzen duguna: teknikoagoa eta amateurra zen hura; modernoa eta profesionala egungoa. 1986an ekin zion bere ibilbideari zientziaren eta teknologiaren euskarazko aldizkariak. Gauza asko aldatu dira harrezkeroztik: jendea, ingurua, gizartea bera... Elhuyar aldizkariak, berriz, tinko jarraitu du, baina aldatuz: eduki eta atal berriak sartuz, diseinua egokituz, dibulgatzeko modua gaurkotuz, irakurleekiko gertutasuna landuz… ahalik eta informaziorik interesgarriena eskaintzeko asmoz betiere.
Gizartea ere aldatuz joan da azken urteotan: gainbehera doaz paperezko argitalpenak, eta Interneterako bidean jartzen gaituzte irakurketa-ohitura berriek. Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren irakurleek ere bide horretatik jotzen dute: 1.475 harpidedun, eta 23.000 bisitari —2015ean— webgunean.
Testuinguru ekonomiko zail honetan, non urriago gabiltzan baliabidez (salmenten eta diru-laguntzen jaitsiera), are premiazkoagoa zaigu Elhuyar aldizkarian murrizketak egitea, Elhuyarren jarduerako beste arlo batzuetan bezala. Baina ez gara etsipenean eroriko, eta, aldaketa aprobetxatuz, berretsi egiten dugu Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekiko gure konpromisoa, edozein dela ere argitalpenaren euskarria (papera edo Internet).
Zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-gaiak hedatzea da gure eginkizuna, eta bide ugari erabiltzen ditugu horretarako: azterketa-lanak, zenbait komunikabiderekiko lankidetza, hitzaldiak, mintegiak, haur eta gazteentzako ekintzak, eta, batez ere, Elhuyarren zientzia–dibulgazioko tresna propioak (Teknopolis telebista-saioa, Norteko Ferrokarrilla irratsaioa, zientzia.eus webgunea…). Herritarrei ikerketa-jardueraren berri ematea da gure xedea, Euskal Herrian egiten den lanari balio berezia eskainiz, gizartearen kultura zientifikoa areagotzearren.
Euskaraz egiten dugu hori guztia, noski. Euskarazko testu teknikoak lantzen hasi ziren aitzindari haiek eman zituzten Elhuyarren ibilbideko lehen pausoak, eta hor jarraitzen dugu, aurrerantz beti.
