Elhuyarren «Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopediko» berritu, kolaboratibo eta librea, sarean
Zientzia eta teknologiaren arloan erreferentziazko informazio eguneratua eta kalitatekoa euskaraz eskaintzen duen Interneteko entziklopedia-proiektu bat da Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopediko berritua.

Elhuyarrek 2009an argitaratutako izen bereko lana abiapuntutzat hartuta, proiektu zabalago bat jarri dugu orain sarean. Hasiera hartan, EHUren eta Lab...
Zientzia eta teknologiaren arloan erreferentziazko informazio eguneratua eta kalitatekoa euskaraz eskaintzen duen Interneteko entziklopedia-proiektu bat da Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopediko berritua.

Elhuyarrek 2009an argitaratutako izen bereko lana abiapuntutzat hartuta, proiektu zabalago bat jarri dugu orain sarean. Hasiera hartan, EHUren eta Laboral Kutxaren laguntzaz ikusi zuen argia Zentzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoak, eta 200 bat aditu euskaldunek hartu zuten parte proiektuan. Oraingoan ere bidelagun izan dugu Laboral Kutxa, eta baita aditu haietako asko ere.
Hiztegia elikatuko duten adituen sarea zabaldu egin nahi dugu orain. Horregatik, parte-hartzean eta lankidetzan oinarritzen da hiztegi berria. Berariaz prestatutako plataforma digital bati esker, edukia sarean sortu eta editatzeko aukera ematen du. Gainera, hiztegiaren edukiek, besterik adierazi ezean, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia dute; alegia, nahieran erabil daitezke.
Nahi duen orok har dezake parte hiztegia eguneratzeko eta osatzeko lanetan: zientzia eta teknologia arloko irakasleak eta ikasleak; ikertzaileak, teknikariak, eta produkzio- eta zerbitzu-sektoreetako profesionalak; itzultzaileak, kazetariak eta idazleak; zientzia- eta teknologia-gaietan jakin-mina duten pertsonak; eta abar. Horretarako, izena eman besterik ez da egin behar.
Izena ematen dutenek egiten dituzten proposamenak gainbegiratu egingo ditu ondoren aditu-talde batek, argitaratzen denaren kalitatea eta fidagarritasuna bermatzeko, bai edukiaren aldetik, bai hizkuntzaren aldetik.
Hiztegiak, orain arte sarean zegoenak bezala, zientzia eta teknologia arloko terminologia biltzen du, lau hizkuntzatan: euskara, ingelesa, gaztelania eta frantsesa. Eta, terminoez gain, definizioak, artikuluak eta irudiak ere baditu.
Helbide honetan dago Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa: https://zthiztegia.elhuyar.eus/.