Finketa-industriaren arloko hiztegi eleaniztun bat argitaratu dugu Petronorrekin batera


- Petronor Oil&Gas Hiztegiak 1.500 kontzeptu espezializatu baino gehiago eta 300 bat definizio tekniko jasotzen ditu, 21 arlotan sailkatuta
- Petronorren 50. urteurreneko ospakizunen barruan argitaratu da hiztegia, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez, euskararen normalizazioari lagundu nahian...


- Petronor Oil&Gas Hiztegiak 1.500 kontzeptu espezializatu baino gehiago eta 300 bat definizio tekniko jasotzen ditu, 21 arlotan sailkatuta
- Petronorren 50. urteurreneko ospakizunen barruan argitaratu da hiztegia, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez, euskararen normalizazioari lagundu nahian
- Hiztegia egiteko prozesuan, Elhuyarreko terminologo-taldeak eta Petronorreko adituek hartu dute parte
Bilbo, 2018ko abenduaren 10a. Elías Unzueta Petronor Innovación-eko kudeatzaileak eta Leire Cancio Orueta Elhuyar Fundazioaren zuzendariak, Garbiñe Alkiza proiektu-zuzendariarekin batera, Petronor Oil&Gas Hiztegi espezializatua aurkeztu dute gaur Bilbon, oil & gas sektoreko kontsulta-tresna bat 1.500 kontzeptu espezializatu baino gehiago eta 300 bat definizio tekniko jasotzen dituena 21 arlotan sailkatuta.
Obra hori, Petronorren 50. urteurreneko ospakizunen barruan aurkeztua, oso erabilgarria izango da finketa-industriako profesionalentzat eta sektorean bidea egiteko trebatzen ari diren gazteentzat.
Hiztegia Interneten kontsultatu daiteke, http://hiztegia.petronor.eus/ helbidean, eta lau hizkuntzatan argitaratu da: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa. Hala, lagungarri izango da euskararen normalizaziorako, eta ikusgaitasuna emango dio euskarari, beste hizkuntza batzuen alboan, sektoreko terminologiaren bidez.
Petronor Oil&Gas Hiztegia egiteko prozesuan, Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateko terminologo-taldea jardun da aholkulari, eta Petronorreko adituek ere hartu dute parte, prozesu osoan beren ezagutza eta iritziak partekatuz. Halaber, findegiaren dokumentazioko terminologia baliatu da proiektuan, oinarri gisa.
Hiztegiaren webgunea: http://hiztegia.petronor.eus/