Webgune berria: OndareBideak, euskal kulturaren ibilbide birtualak

Elhuyar Fundazioak, Euskomediarekin eta EHUko IXA ikerketa-taldearekin batera, OndareBideak proiektua garatu du, Donostia 2016 kultura-hiriburutzaren barruan. Euskal ondare digitala bildu, erakutsi eta modu berritzailean interpretatzeko aukera eskaintzen duen plataforma bat da OndareBideak, eta helbide honetan dago ikusgai: ...

Elhuyar Fundazioak, Euskomediarekin eta EHUko IXA ikerketa-taldearekin batera, OndareBideak proiektua garatu du, Donostia 2016 kultura-hiriburutzaren barruan. Euskal ondare digitala bildu, erakutsi eta modu berritzailean interpretatzeko aukera eskaintzen duen plataforma bat da OndareBideak, eta helbide honetan dago ikusgai: ondarebideak.dss2016.eu.
Gaur egun, ezin ukatuzkoa da Internetek bide berriak zabaldu dizkigula ingurua ezagutzeko, bidaiatzeko, harremanak egiteko... baita museoak bisitatu eta ezagutzeko ere. OndareBideak proiektuak, teknologia berrien arloan aurrerapauso bat emanez, bide eman du webgune interaktibo batean euskal ondarea bildu eta hura ezagutzeko.
Museo andana daukagu gurean, eta, haietara bisita eginez, gure ondarearen eta kulturaren berri jaso dezakegu. Horrez gain, lekuan bertan ez ezik, atari digitalen bidez ere egin ditzakegu bisitak. Baina, tamalez, ondarea erabat sakabanatuta dago, eta, ezagutu ahal izateko, beharrezkoa da erakunde horietako bakoitzera jotzea.
Ondare hori guztia gune bakarrean bildu eta erakustea da OndareBideak webgunearen asmoa; Donostialdeko funtsetatik abiatuz euskal kulturaren museo birtual bihurtzea, hain zuzen. Baina, funts horien jabe diren erakundeak ez ezik, herritarrak ere protagonista izango dira. Lehenengoek zabaldu ahal izango dituzten bilduma zein edukiez gain, herritarrek ere aukera dute eduki berriak txertatzeko, erakusketa digitalak egiteko eta beste herritar batzuek prestatutako erakusketak bisitatu eta haiei buruzko iritzia emateko. Erakusketa edo ibilbide digitalen bidez, plataformako eduki guztiak harremanetan jartzen dira, haien jabea edozein dela ere, eta ondare horren interpretazio pertsonala egiteko aukera ematen da.
Saretzeko lan handia egin dute proiektuan Elhuyarrek eta Euskomediak, zenbait erakundetan proiektua aurkeztu, funtsak bateratu eta leku bakarrean modu koherentean erakusteko. Batetik, katalogazio-sistemak bateratu dituzte; bestetik, funts horiek eleaniztunak direla kontuan hartuta, plataformara sartzen den bisitari ororen eskura jartzeko ahalegina egin da, haien hizkuntza dena dela ere. Horretarako, garrantzi handia izan dute hizkuntza-teknologiek. Elhuyar Fundazioak eta IXA taldeak urtetan egindako ikerketen emaitzak inplementatu dira proiektu honetan, hala nola bilaketak hizkuntza batean baino gehiagotan egitea ahalbidetzen duen bilatzailea, antzeko dokumentuak elkarrekin lotzea, testuak Wikipediarekin lotzeko teknologia eta testuak entzuteko teknologia. Horiek denek aukera ematen diote bisitariari edukietan zehar modu erosoan nabigatzeko. OndareBideak plataforma, gainera, kode irekian garatu da oso-osorik, eta eskuragarri dago sarean: https://github.com/Elhuyar/OndareBideak.
Egun, 30 erakunderen funtsak biltzen ditu egitasmoak, eta 400.000 elementutik gora daude ikusgai (argazkiak, bideoak, artikuluak, partiturak, kantuak, eskutitzak...), zenbait ibilbide edo erakusketatan antolatuta. Erakundeen arteko elkarlana sustatzea eta, guztion artean, sare kultural osatu, indartsu eta aberats bat osatzea da helmuga.
Une honetan, erakusgarri gisa, ibilbide hauek daude, besteak beste: Gaur taldearen egileak eta obrak ezagutzeko ibilbidea, euskal mitologian barrena eramten gaituena, Bidasoaldetik muga zeharkatzen zuen Comète sareari buruzkoa, euskal zinema-zuzendarien ingurukoa... eta beste hamaika ere bai. Ibilbide birtual horiek gure ondarea eta kultura hobeto ezagutzeko abiapuntu egokia eskaintzen digute, eta pantailaren bidez ezagututakoa bertatik bertara ezagutzeko gogoa piztea dute helburu.